Bost urteren ondoren justiziaren aldarriak kalean dirau

uriola.eus 2017ko api. 5a, 12:16

Bost urte betetzen dira gaur Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas Athleticzale gaztea larri zauritu zuela. Lau egun geroago, 2012ko apirilaren 9an, hil zen Iñigo. Gertakari horren bosgarren urtemugan lortu du sendiak ahozko epaiketarekin hastea. Egun hauetan urteroko omenaldiak jasoko dituzte Iñigo Cabacasek, bere gurasoek eta lagunek.

Bost urte eman dituzte Iñigo Cabacasen senide eta lagunek, Iñigo Gogoan Herri Ekimenaren laguntzaz eta herritarren babesarekin, 'Cabacas auzian' justizia eskatzen. Bost urtez, kasua instrukzio fasean egon da epaiketa egingo zen jakin gabe. Cabacasen defentsak sei ertzain auzipetzea eskatu zion epaile instruktoreari, zuhurtzigabekeriazko hilketa leporatuta; tiro egiteagatik eta arrisku egoera bat sortzeagatik. Sei ertzainen artean operazioa zuzendu zuena, bi buru eta gertakarien lekuan zeuden beste hiru daude. Azkenik, bost urte eta gero, astelehenean kaleratu zuen epaileak ahozko epaiketa egiteko autoa; baina Cabacasen heriotza eragin zuen operatiboan parte hartu zuten hiru furgonetetako mandoak baino ez ditu auzipetu, ofiziala eta beste bi ertzaina epaiketatik kanpo utzita. 

Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 9an hil zen, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek jo eta lau egunetara. Apirilaren 5eko gauerdiaren inguruan iritsi zen Basurtuko Unibertsitate Ospitalera, leherketaz buru hezurra hautsita eta garuneko lesio larriekin. Koma egoeran egon zen aireztapen mekanikoarekin, medikuek garuneko heriotza egiaztatu zuten arte.

Bosgarren urteurrena

Apirilaren 7an, ostirala, 19:30ean giza katea deitu du Iñigo Gogoan Herri Ekimenak Bere hilketaren arduradun guztien epaiketa nahi dugu! lelopean. Helburua Justizia Jauregia inguratzea da "inpunitatearekin amaitu eta justizia exijitzeko" asmoz. Aldiz, larunbatean, urteroko omenaldia antolatu dute senide eta lagunek Kirruli plazan 12:30ean.

San Mamesen omenaldia egin dio Herri Harmailak

Athleticek RCD Espanyol taldearen aurka jokatu zuen atzo, 19:30ean San Mamesen eta Iñigo Gogoan Herri Harmailak antolatuta, zaleek omenaldia eskaini zioten Iñigo Cabacasi. Partidua hasi aurretik 10.000 kartulina banatuko zituzten Cabacasen aurpegia eta "Justizia Iñigo Cabacas" idatzita zutenak; 28. minutuan (Cabacas hil zutenean zuen adina), zaleek kartulinak hartu eta ikusarazi zituzten "Justizia Iñigorentzat" zein "Eta Pitu zer?" oihu artean.

Iñigok eta bere gurasoek omenaldi xumea jaso dute Leioako Unibertsitatean

Atzo goizean, Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako Campuseko ikasleek Iñigo Cabacas gogora ekarri zuten bere heriotzaren 5. urteurrenaren harira. Ekitaldian parte hartu zuten bere gurasoek, Manu Cabacas eta Fina Lizeranzuk, eta haiek ere omendu zituzten.

Lehenik eta behin, ikasleek hitzaldi bat antolatu zuten guraso, lagun, Jone Goirizelaia abokatua eta Iñigo Gogoan Herri Ekimeneko kideekin batera. Ondoren, manifestazio batek unibertsitatea zeharkatu zuen; eta Lan Harreman eta Gizarte Langintza fakultateko ikasleek Iñigoren omenezko plaka bat jarri zuten. 

Leioako omenaldian, Jone Goirizelaia defentsaren abokatuak adierazi zuen, autoak jasotzen duenak "garrantzia handia daukala", argi uzten duelako gaztea Ertzaintzak hil zuela pilotakada batez. Baita ere, operazioa ez zela "beharrezkoa" eta "neurriz kanpokoa, arduragabea eta Espainiako eta Europako legeriaren kontrakoa" izan zela. Hala ere, ertzain etxetik operazioa zuzendu zuen ertzainburua, Ugarteko ezizenez ezaguna dena, ez auzipetzea deigarria iruditu zaio abokatuari. 

Manu Cabacasek gehitu zuen, "hobe" dela hiru ertzainen inputazioa kasuaren itxiera baino; baina "diren guztiak ez daudela" inputatuta.