Irribarria eta Rezusta, Bengoetxea eta Larunberen kontra izango dira nor baino nor, igande honetan Bilboko Miribillako Bizkaia frontorian. Jokoan, urtean zehar esku huska ezker paretean jokatzen den lehia garrantzitsueneko txapelak. 17na partida jokatu behar izan dituzte finalera iristeko, batzuek eta besteek, horrenbeste asteburu jarraietan. Zortzi bikote izaki, 14 bi bueltarako ligan eta finalaurrekoetan beste hiruna. Moderno samarra den sistema honekin, profesionaletako bi enpresa handienak neguko programazioa ziurtatu, ahalik eta pilotari koadro edo kopuru murritzenarekin. Gutxi batzuetan baino ez dute lortu nahi luketen beste ikuslego erakarri frontoietara, Iruñeko Labriten salbuespenarekin edota Tolosako Inauteriak eta beste herri jaietako ale banakoetan.
Zalego gehienen ustez, ordea, kalitate maila oneko eta lehia estu eta gogorreko norgehiagokak eman dira kanpeonatoan zehar; horrelako zerbait jokoan ez dagoenekin alderatuz. Esku minez edo lesioen erruz, zenbait ordezkatzeren beharra ere izan da, hauek egiteko modua ez da askoren gustukoa izan eta, edozein kasutan, hemen da ia bost hilabeteko esku-pilotaren ondorio edo emaitza, Final Nagusia. Osagai franko duen finala, bere partaideen ezaugarriz harago, haien jatorriz, txapelketa honetan eraman duten ildo eta emaitzen ondorioak aztertuz eta hitzordu horretarako agertzen duten jarrera eta joko puntuari begiratuz.
Iker Irribarria eta Beñat Rezustak osatzen duten bikotea, lehiaren aurkezpen egunetik azaldu ziran faborito nagusi bezala denen begietara; Aramako aurrelaria, Mikel Urrutikoetxeari buruz burukoa dizdira handiz irabaztetik, aurreko aurkariak ia erridikuloan utzita. Ia 1,88 luzera eta 88 kiloz, 20 urteko gazte indartsua da -badira adituak sekula ezagutu duten indartsuenetarikoa dela diotenak- eta ezkerti peto-petoa izan arren, eskumako eskuarekin ere kristoren indarra eda abiadura ematen dio pilotari. Hori gutxi balitz, txapelketaren bost hilabeteetan gorputza finduz gain, tantuak akabatzeko eta defentsarako teknika eta ziurtasuna (akats gutxiago) hartu du. Gutxik jartzen dute zalantzan Ikerren egungo boterea.
Erabateko ezkertia Beñat Rezusta atzelari bergararra da. Bada zalerik, tamaina horretako atzelari ezkerrik ez dela izan historia hurbilean. Soroaren itzala luzea dela jakina izan arren, Beñatek hark baino gehiago jotzen duela dirudi. Pilotak ez ziren berdinak izango eta ez dago alderatzerik. Zalantza gutxi, dena den, urte hauetako jotzailerik bikainena dela, Eibarko Astelenan 2013an debutatu zuen, 1,92 metroko bergararra. Lehia hasi aurretik, uste hori genuenok ezaugarri horiek gizentzen ikusi ditugu bost hilabete hauetan eta aurreko udan. Aurrekoak irakurriz erraz ulertzen da final honetarako eta txapelketa orokorrerako faborito etiketa jartzea.
Aspaldiko Unanue eta Errasti hurrengo bikote giputza osatzen dute biek ala biek, esaka dabiltza faborito izateak ez diela zamarik ematen. Izan ere plaza gizonak dira Iker eta Beñat, hilabete luze hauetan nagusitasuna erakutsi arren, ez dute partida baten ere etsi azkenera arte eta badirudi asmo eta jarrera horrekin aterako direla igandean Bizkaia frontoira.
Ondo dakiten arren aurrez aurre izango den bikoteak asmo berberak dituela eta ez dutela merke salduko haren sena ez eta erraztuko garaipena. Gipuzkoarren antitesia bezala azaldu ziren aurkezpen inguruetan. Beste era batera esanda, inor gutxik espero zuen Leitzako aurrelari fina eta konpletoa eta Galdakaoko ingeniari, atzelari indartsu eta gaztea horra iritsi behar zirenik. Baina hor daude. Batetik, bizkaitarrak dio uste zuena eta gehiago ikasi duela nafar beteranoarengandik eta esan eta esaka dabil, haren aholku nagusia: "Ahantzi txapelaz, hona iristea izan da gure garaipena, orain pilotaz gozatzea da gure helburua". Beste leitzar batek, Barriolak, aspaldi buruz burukoa irabazi zuenean, ea sufritu zuen galdetu nionean, esana oroitzen dut: "Zenbat eta gehiago gozatu, hainbat eta gehiago jokatzen dut pilotan". Ondo ikasia du hori, itxuraz, Oinatzek eta ongi irakatsia Larunberi.
Gorriz aterako direnei egina, urdinezkoei zor diet. Beraz bota dezadan 1,78 metroko leitzarra 1984an sortu zela, 2002an afizionatuen Mundiala dizdiratsu irabazi eta gero debutatu zuen estelar batean eta ez du sekula bere maila jaitsi, lehen mailako lehian aritu da beti. Hankak kantxan ongi mugitzea defentsan, egiteko edo bukatzeko era anitzeko artista, sotamano indartsu eta luzea eta inoren ekimena atzemateko azkartasuna dira haren bertute behinenak. Urte mordoaz erakutsi duen moduan. Joko puntu puntuan dagoela dirudi bere 33 urteetan eta lehen profesional partida balitza baino ilusio freskoagoarekin.
Mikel Larunberena kristoren sorpresa positiboa izan da gehienontzat. Duela lau urte debutatu zuen, igandean jokatuko duen frontoian, 1,92 metro luzeko galdakaoztarrak. Jotzailea eta ziurra nabarmentzen zen. Murgilduta dagoen txapelketa hau izan da zeru horretara eraman duen izar ildoa. Lehia bikaina egin du. Partida pare baten akats nabarmenak egin arren, besteetan bikain piloteatu du eta bertuteen artean, piloteo horietan bero joa ezker hormara hurbiltzean datza. Min ematen duten horietakoa, oraingoan aurkaria ezker petoa izan arren.
Zeinek irabaziko duten iragartzen bustitzeko zalea naiz. Oraingoan, ordea, hausnarketarako bidea jarriko dut. Irribarria eta Rezustak lehia honetako 17 partidatik 15 irabazi dituzte eta bi galdu. Galdutako bi horiek, Bengoetxea eta Larunberen kontrakoak izan ziren.
Argazkia: ASPE Pelota