Korrika 20

'BatZuk' izatetik milaka izateraino

uriola.eus 2017ko api. 7a, 08:50

Abante konpartsako eta Berria egunkariko kideak

Ohiko irudi koloretsu eta hunkigarriak utzi zituen Korrikak Bilbon atzokoan. Kastrexanan sartu zenetik Elorrietatik irten zen arte milaka bilbotar batu ziren tipi-tapa 20. Korrikara, 'BatZuk' izatetik milaka izateraino.

Poztasun handiarekin hartu zuten Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek Bilboko lehen kilometroa Kastrexana auzoan, Alonsotegiko mugan, arratsaldeko bostak pasatxo zirenean. Yolanda Jubeto plataformako kideak "bizipoza" azpimarratzen zuen. "Ea bi urte barru errefuxiatuek ere korrika egiten duten", zioen. Kadagua ertzetik iritsi zen lasterketa Zorrotzara. Eguzkia nagusi zen Bilboko zeruan ordurako.

Bide bazterrak jendez beteta zeuden. Bolandera eta txalo-zaparradarekin eman zioten ongi-etorria Korrikari zorrotzarrek. Eta geldiro geldiro goranzko bidea hartu zuen. Zorrozgoitin gora sasoiko zeudela erakutsi zuten lekuko eramaileek. Errazago egin zuten beheranzko bidea Altamiran Basurturaino.

Bilbo erdialdean ehunka lagun ziren "ika, ika, ika hemen dator korrika" oihukatzen zutenak. Autonomia kalean zabal zabal korrika egiteko aukera izan zuten bilbotarrek. Alai, anitz, saltoka batzutan, olatua egiten beste batzutan. Errekaldera lekukoa eraman zuten Mikel Martinez eta Ane Zabalak, esaterako, aurrera begira eta atzera begira, korrikalariei begira eta animoak emanez, egin zuten korrika.

Irala, Bilbo Zaharra, Abusu, Bolueta, Txurdinaga, Otxarkoaga... Korrikaren furgoneta eta Korrikaren soinua iritsi ahala piztu egin ziren. Dar-dar egin zuten emozioz lehertzaino. Astiro zein bizkor, handi zein txiki, zahar zein berri, Bilboren eta bilbotarren aniztasuna azaleratu zuen Korrikak. Nonahi ilusioa pizten duen euskararen aldeko herri-lasterketaren magia sortzeraino.

Santutxuko kale estuetan ezin zitekeen espaloiaren grisa ikusi jendetzaren jendetzaz. Errepidea ozta-ozta. Ongietorri ikusgarria egin zion Santutxuk Korrikari txalo eta oihu artean. Gaztedi taldeko lekuko eramaileek korrika baino dantza egitea erabaki zuten eta atzetik zituzten milaka lagunak dantzan jarri zituzten. Auzoan itzulia egin ostean Begoñako tunelean barna Uribarrirantz abiatu ziren Loraldia jaialdiko kideen eskutik. Politak bezain hunkigarriak izan ziren Zumalakarregi etorbideko metroak. Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioko lagunek gozatu ederra hartu zuten pankarta aurrean lehen lerroan korrika. 

CCOO sindikatuko kideek eraman zuten lekukoa Uribarriko bihotzera. Koloretako serpentinak jaurti zituzten 50 urte bete dituen Gure Etxea auzo elkarteko kideek lekukoa hartzean. Are koloretsuago bihurtu zen Korrika.

Eta behera eta behera itsasadarrera iritsi zen. Bertan zain zituen Bilboko Udaleko alkatea eta hainbat zinegotzi. Eskuz esku txandakatu zuten lekukoa udal korporazioko ordezkariek San Nikolas pareraino. Han Berria egunkariko eta Abante konpartsako lagunek elkarrekin hartu zuten lekukoa.

Alde Zaharra esperoan zuen Korrikak. Gatz eta Adaxka taberna, Zazpi Katu gaztetxea, Hika Ateneoa, Mujika eskola eta BIGEko lagunak irrikan zeuden, noiz helduko. Korrikaren soinu, zarata eta oihartzuna lau haizetara zabaldu ziren kale zaharretan. Hunkigarria Txakur kaleko Lizardi euskaltegiaren parera Korrika iritsi zen unea, bertan baitu Korrikak egoitza nagusietako bat. 

Areatzan bigarrenez Patxo Telleria pregoilariak eta Gisele Felli txupinerak hartu zuten lekukoa. Kapela erantsiz agur egin zieten Patxok eta Giselek Naxako elkartasun karpan RGI defendatu kanpainaren baitan gose greban dauden ekintzaileei. Keinu polita izan zen. Grebalariek aurretiaz Jardines kalean astiro baina seguru -14. gose greba egunean- parte hartu zuten Korrikan. 

Kale Nagusian ez zegoen Alde Zaharrean baino jende gutxiago. Euskararen doakotasuna aldarrikatu zuten Bilboko euskalgintzako kideek Plaza Biribilean eta nasai korrika eginez gozatu zuten hiri erdigunean. 

Indautxun aurrera San Mameseraino jarraitu zuen Korrikak. 20. edizio honetan ez zen zelai barrura sartu, aurreko aldian egin zuen bezala. Athletic taldeko neskak izan ziren lekukoaren eramaileak. Hurrengo EITBko zuzendari eta langileak eta EH Bilduko ordezkariak. Indautxun eta Abandon hainbat kilometro egin zituen lekukoak eskuz esku iluntzen zuen bitartean. 

Euskalduna zubitik sartu zen Deustura Korrika. Deustuko ikastolako ikasleek "bat, izan bat, denok bat, bat zu eta bat ni" abestu eta dantzatu zuten lekukoa eskutan pozez zoratzen. Euren unea azkenik iritsi zen. Done Petri plazan Deustuko Jai Batzordearen kilometroa 20 urte bete dituen Berbaizu euskara elkarteko hiru kidek partekatu zuten. Zirkuko pertsonaiak balira bezala mozorrotuta egin zuten korrika jai batzordeko lagunek, aurrerago bozka emateko postontziaren irudia soinean duen kamisetarekin Gure Esku Dago taldeko kideek eta, handiegi bazuten ere, Korrikaren petoarekin Olaeta Balleteko umeek. 

San Inazion ohi bezala Ondalan konpartsako erraldoiek ere dantzan egin zuten Korrikarekin bat. 

Elorrietan, ordurako gau iluna, 22:00k izateko minutu gutxi falta zirela, egin zituen azken kilometroak Korrikak. Lutxana-Erandiorantz jarraitu zuen itsasadar bazterretik Bilbo atzean utzita bost ordu, 40 kilometro, 100 bat lekuko aldaketa eta milaka pauso eta emozioren ondoren.  

 

[2017-04-07] KORRIKA BILBON: irrati saio berezia osorik entzungai