Renoirri buruzko erakusketaren ezohiko eta doako irekiera

uriola.eus 2017ko api. 11a, 07:30

Argazkia: www.museobilbao.com

Renoir: intimitatea erakusketa otsailean ireki zen, eta, ordutik, 62.000 bisitaritik gora izan ditu. Gaur, hilak 11, Aste Santua baino lehen, dohainik egongo da jendearentzat zabalik, BBKren babesari esker. Erakusketa dohainik bisitatu ahal izango da egun osoan, 10:00etatik 20:00etara (museoko gainerako aretoak itxita egongo dira).

Renoir: intimitatea gure herrialdean Pierre-Auguste Renoir (Limoges, 1841-Cagnes-sur-Mer, 1919) margolari inpresionista frantsesari buruz egiten den lehenengo atzera begirako erakusketa da. Iazko udazkenean aurkeztu zen Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museoan, bertako zuzendari artistikoa den Guillermo Solanaren komisariotzapean, eta, orain, Bilboko Arte Ederren Museoan egongo da ikusgai maiatzaren 15era arte, BBKren babesari esker.

Bilbon, mundu zabaleko museo eta bildumetako 64 margolan egongo dira ikusgai: Parisko Musée Marmottan Monet eta Musée Picasso, Chicagoko Art Institute, Londreseko National Gallery, New YorkekoMetropolitan Museum of Art edo Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museokoak, besteak beste.

Margolan horiek hautatu dira, Renoirren ibilbide osoan iraun zuen estiloaren ezaugarri bereizgarri bat nabarmentzeko: pinturaren ukipen-balioei ematen dien garrantzia. Horri dagokionez, Jean Renoir zinegileak honako hauxe idatzi zuen aitari buruz: "Loreei, emakumeei eta zeruko hodeiei begiratzen zien, beste gizon batzuek ukitu eta laztandu egiten dituzten moduan". Horrela, erabat ikusizkoa zen inpresionismoaren aurrean, Renoirren mihiseek ukimenarekin lotutako zentzumenezko faktoreak sustatzen dituzte; esate baterako, bere modeloen larruazala edo ilea edo lorategiko adarrartea. Ezaugarri bereizgarri hori, gainera, landu zituen genero guztietan antzematen da, hau da, erretratuetan, biluzietan, taldeen eszenetan, paisaietan eta natura hiletan.

Era berean, Renoirrek margotu zituen erretratu ugarietan modu berezian antzematen den beste ezaugarri bat ere nabarmenduko da erakusketan, artista bera gainerako margolari inpresionistetatik bereizten duena: modeloarekin eta ikusleekin etengabe bilatutako enpatia. Horretarako, konposizioetan, irudikatutako subjektua bera da nagusi, baina, aldi berean, mundu pribatuko eszenak miresteko gonbita ere egiten diete ikusleei. Erakusketako ibilbideari esker, ikusi ahal izango dugu margolariak bolumenaren, materiaren edo testuraren iradokizunak darabiltzala, erotikoa ez ezik, soziala, lagunartekoa edo familiarra ere baden intimitateko eszenak irudikatzeko.

Hartara, Renoirren konposizioetako giro bereziaren eta bere pintzelkadaren sentsualitate finaren ondorioz, harreman estua sortzen da ikuslearen eta margolanaren artean. Izan ere, artistak berak iradokitzen zuenez, bere margolanak hurbiletik ikusi behar ziren, eta, horrez gain, lehen planoa, begiraden jokoa edo antzeko baliabideak ere bazerabiltzan, eszenan bertan inplikatu gaitezen. Betidanik, argi eta garbi adierazi zuen pintura inpresionistaren dogma gaitzesten zuela, horren arabera margolana distantzia egokitik ikusi behar zelako, pintzelkaden nahasketa optikoak azken irudia erretinan bertan eratu zezan.

www.museobilbao.com