Korrika 20

Inoizko Korrikarik handiena, indartsuena eta anitzena

uriola.eus 2017ko api. 11a, 16:33

20. Korrikaren balorazioa egin dute AEK-ko lagunek. "Berriro ere kolosala" izan dela adierazi du Asier Amondo Korrikaren zuzendariak. "Inoizko handiena izateaz gain, indartsuena izan da". 

Otxandio herriak erakutsi zuen "giharra", Korrika sortzaileen "garra tinko iritsi da gaurdaino", alkateen kilometroa, Santiagoko zubia... Kilometro jendetsuak izateaz gain, "indartsuak" izan dira 20 Korrikakoak Amondoren arabera. Horregatik dio "inoizko Korrika anitzena" ere izan dela. Inoiz baino eragile sozial, politiko eta administratibo gehiago izan direlako Korrikaren partaide.

Ekimenaren bukaera baloratzerakoan ere hitz bera erabili dute AEK-ko kideek. Joan den igandekoa, Iruñeko amaiera "handiena izanen zen, eta zalantzarik gabe, indartsuena". Sarasate pasealekuak "inoiz ezagutu duen argazkirik biziena, sendoena" erakutsi zuen. 

Beraz, bukatu den 20. Korrikan ere "koska bat gora" egin dute. Baieztatu dutenez, "partehartzea aurreko edizioan baino handiagoa, anitzagoa, indartsuagoa izan da". Aurreko 19 edizioetan ere ikusi ahal izan dute gorakada, baina azken honetan "inoiz baino argiago antzeman dugu Korrika herri oso baten aldarria dela, bizirik dagoen eta bizi nahi duen komunitatearen aldarria, bi urte zain egon ondoren, euskaraz bizitzeko duen bizipoza inoiz baino ozenago adierazi nahi izan du".

 

Euskarara gehitzeko gonbitea eta elkarlanean bi urrats sendo emateko garaia

AEKtik, Korrikaren indar erakustaldi horren olatuarekin, gonbite zuzena egin diete herritarrei, bat egiteko, euskarara ere gehitzeko, "euskara ezagutuz eta erabiliz, gizarte orekatua eta kohesionatua lortzeko bide bakarra delako".

Era berean, euskararen normalizazioari dagokionez, Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaileak nabarmendu du "konpromisoaren eta auzolanaren ordua" dela hau. Euskara ikasteko doakotasuna aldarrikatu da Korrika honetan, eta "hori izan beharko litzateke lehenbiziko pausoa; epe motzean Euskal Herri osoan doan ikasteko aukera zabaltzea, eskubidezkoa delako, behar dugulako. Euskal Herriko administrazioek eta euskalgintzako eragileok, elkarrekin, hasi eta adosteko bidea egitea. Horretarako tresna egokia Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa dela uste dugu, beraz, etorkizuneko epeak, helburuak eta gutxienekoak zehazteari ekitea litzateke bigarren eskaera eta erronka". 

 

[20. Korrika Bilbon ARGAZKI ALBUMA]