Frantziako Meaux espetxean dago preso Oier Gomez gasteiztarra. Ewing sarkomak buruan eta pelbisean eragin dion metastasiaren ondorioz, sei hilabeteko bizi itxaropena iragarri dio medikuak. Horren aurrean, familiak espetxe zigorra berehala etetea eta baldintzarik gabeko askatasuna eman diezaiotela eskatu du, “Oier konfidantzazko medikuek zaindu dezaten eta familiaren ondoan egon dadin”.
Baionan joan den astean eginiko agerraldian Bagoaz kolektiboak, Sare herritarrak, Oiertxo SOS plataformak eta Etxerat Elkarteak, senide eta abokatuek Oier Gomezen egoera atzeraezinaren berri eman zuten. Oiertxo SOS plataformak zabaldutako mezu batean presoa “espetxean eta bakarrik hiltzeko arrisku larrian” dagoela ohartarazi dute.
Bihar, apirilak 19 asteazkena, bere zigorra eteteko eskaera aztertuko dute Parisen. Berak mugitu ezin duenez, epailea eta prokuradorea joango dira ospitalera, baina erabakia egun batzuk beranduago jakingo da. Zigor-etete eskaera onartuta ere, Oier Gomez ezingo da kartzelatik berehala atera. Presoak hiru euroagindu ditu zain, bi Espainiakoak eta bat Portugalgoa. Aske geratzeko eskaera bat egin behar du euroagindu bakoitzeko.
Hainbat mobilizazio
Oier Gomez eta gaixo dauden preso guztien askatasuna eskatzeko, elkarretaratzea egingo dute gaur eguerdian Frantziako Kontsulatuaren aurrean. 12:30ean biltzeko deia zabaldu dute Sare herritar plataformak eta Bagoazek. Asteazkenean, Gomezen kondena eteteko bista gauzatuko den egunean, Baionan egingo dute elkarretaratzea.
Apirilaren 22an Oiertxo SOS plataformak Elkartasun Eguna antolatu du Gasteizen. Hainbat hitzaldi, kontzentrazioa, bazkari herrikoia eta manifestazioa egingo dituzte. Maiatzaren 6an, aldiz, Sarek manifestazio nazionala deitu du Gasteizen.
Oiertxo SOS plataformak gaixorik dauden preso politikoen alde lan egiten duten eragile guztiekin elkarlanean jarraituko dutela adierazi du, eta antolatutako mobilizazio guztietan parte hartzeko deia luzatu du.