Munduko gerrak EAEko armagintzako lantegietan "hasten dira"

uriola.eus 2017ko api. 21a, 09:00
Argazkia: Ecuador Etxea

Bizkaiko erakunde ekologista, antimilitarista eta internazionalistek Gastu Militarraren eta Armagintzaren kontrako X. Martxa antolatu dute apirilaren 22an, larunbatean. "Errefuxiatuak eragiten dituzten gerrak Euskadin hasten direla" adierazi dute, EAEko armagintzako lantegietan, alegia. 

Gastu militarraren kontrako ekintza orokorraren astearen baitan kokatzen da martxa hau eta goizeko 11:00etan abiatuko da Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurretik. Bilbotik Barakaldora hurbilduko dira txirrindulariak, Precicast militar lantegira, hain zuzen ere; eta ondoren, bukaera, Getxoko Sener enpresaren aurrean izango da.

Ekimen honekin salaketa bikoitza egin nahi dute. "Alde batetik gastu militarrerako eta armagintza bultzatzeko euskal instituzioek gero eta diru gehiago desbideratzen dutela, eta beste aldetik euskal armagintzaren eta Israelgo armadaren artean dagoen harremana".

Euskal armagintzan 100 enpresa inguruk parte hartzen dutela eta, armagintzako fakturazioari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoa estatuko hirugarren postuan dagoela –Madril eta Andaluziaren atzetik– jakinarazi dute Bilboko Ekoetxean egindako prentsa agerraldian.

Defentsa Ministerioak emandako datuen arabera, material militarraren fakturazioan EAEko bi enpresa estatu espainiarreko 10 enpresa handienen artean kokatuta daude: ITP seigarrena da eta Aernnova zortzigarrena.

Euskal armagintzako enpresek urtero, gutxi gorabehera, 800 milioi eurotako material militarra saltzen dutela gogora ekarri dute. Erosleak desberdinak izanik: "Estatuko Defentsa eta Armadaren Ministerioa, Ameriketako Estatu Batuak, Mexiko, Brasil, Arabia Saudi, Maroko, Israel, Yemen edota Siria, besteak beste. Negozio honen mozkinak 150 milioi eurotakoak dira".