Aste Santuko umeen aisialdi programetarako balio zibikoetan oinarritutako jarduerak

uriola.eus 2017ko api. 20a, 09:38

Udalak zenbait jarduera antolatu ditu 'Live in Bilbao' izenarekin, Aste Santuko oporretan 5 eta 11 urte bitarteko umeentzat egiten diren aisialdiko programetan. Ekimen hori Udalak 'Bilbo zure etxea da' izenarekin abiatu duen balio zibikoen kanpainan oinarritzen da. Horren bidez, umeak inguruan daukaten uriaren inplikatu nahi dira, arkitektura, ingurumena, bizikidetza, gizalegea eta garapen jasangarrirako interesa piztuz.

Aste honetan hainbat jardueretan hartuko dute parte. Hain zuzen ere, Gazteria eta Kirol Sailak Monopoly edo auzoko puzzle bat egitea proposatu du: uria koloretako artoarekin egitea, Lego piezekin eta Bilboko baldosa tipikoarekin; gune tristeak lorategi bertikalekin apaintzea; kartoizko jolasak edo globoekin egindako labirintoak jartzea parkeetan, uriko artea ezagutzea; gure uria hobetzen duten lanak bisitatzea; oinezkoak protagonista diren leku lasaiak bisitatzea; uriko lekurik ezezagunetatik paseatzea; parkour edo break dance egitea kalean eta skatearekin ibiltzea.

Gainera, 220 ume ari dira 'Bilbo zure etxea da' leloarekin lanean, uriko zaintzari beren ekarpena eginez. Izan ere, talde hori "patruila berdea" bihurtu da eta, ondo ekipatuta, barrutietatik banatzen da kalean botatako elementuak birziklatzeko.

Bilbo zure etxea da

Iazko azaroan, Udalak abian jarri zuen 'Bilbo zure etxea da' kanpaina uriko balio zibikoak sustatzeko. Gizartea sentsibilizatzeko kanpaina hau lagungarria izango da herritarren artean gizalegearen arloko balioak eta jarrera positiboak sustatzeko eta herritarrek bizikidetzaren arloko arauak errespetatzeak duen balioa azpimarratzeko, batik bat, espazio publikoaren garbitasunaren eta erabileren arlokoak.

Eduki horiek umeentzako egokituz, Bilboko Udalaren helburua da txiki-txikitatik uriko espazioa bizikidetzarako lekua dela ikustea, eta, bertan, funtsezkoa dela jokamolde zibikoak eta uria zaintzeko eta jagoteko ardura bultzatzea.

www.bilbozureetxeada.com web orrian, jorratu nahi den egoera bakoitzeko praktika zibikoei buruzko edukiak azalduko dira. Hurbileko hizkeraren bidez, kaleko ohiko esamoldeak erabilita erraz ulertze aldera, jarrera zibikoak ezagutzeko eta uria zaintzeko eta errespetatzeko premiaz herritarrak jabearazteko mezuak zabalduko dira.

327 Neska-mutil Guneberrin eta Kideberrin Aste Santuan 

Udalak Aste Santuko oporretan umeen aisialdirako antolatzen dituen programek, Guneberrik (5-8 urte) eta Kideberrik (9-11 urte), eskainitako plazen % 95 bete dituzte, hau da, 327 neska eta mutil.

Programa bi horiekin, Bilboko Udalak alde batetik familiako eta laneko bizitza uztartzen laguntzen du eta, bestetik, umeei trebetasun eta joko berriak ezagutzeko aukera ematen die, bai eta beren inguruko beste ume batzuekin harremanak egiteko ere. Gainera, jarduerak euskaraz eta gaztelaniaz egiten direla azpimarratu behar da; hala ere, euskara da komunikaziorako erabiltzen den hizkuntza, eskolaz kanpoko eremuetan erabilera sustatzeko.

Programa horiek apirilaren 18tik 21era eskaintzen dira eta 10:00ak eta 13:00ak bitartean egiten dira uriko zortzi barrutietan, Deustu, Castaños, Otxarkoaga, Begoña, Zazpi Kaleak, Irala eta Zorrotzako udaltegietan eta Sánchez Marcos ikastetxean.