Rana plaza "edonon" dagoela salatuko dute

uriola.eus 2017ko api. 24a, 08:12

2015eko ekintza (Arg. Ecuador Etxea)

Kale ekintza bat egitekoak dira gaur, hilak 24, Emakumeen Mundu Martxa eta Erropa Garbia kanpainako ordezkariak ehungintza sektoreko enpresen lan baldintzak salatzeko eta "justizia eta erantzukizunak eskatzen jarraitzeko". 

Duela lau urte gertatu zen Rana plazako tragedia, Bangladesh hiriburuko ehungintza lantegi baten erorketarekin. Lantegiko 1.130 behargin, gehienak emakumeak, hil ziren, "erailak izan ziren", eta 2.000 zauritu ziren. Datuok gogorarazi dituzte Emakumeen Mundu Martxa eta Erropa Garbia kanpainako kideek.

Oso baldintza txarretan zegoen eraikina. Oso baldintza txarretan egiten zuten lan beharginek mendebaldeko multinazionalentzat. Harrezkero hainbat aldiz salatu dute erakundeek "multinazionalen inpunitatea" eta "basakeria kapitalista".   

Eguerdian, "ehungintza-enpresen lan baldintzak" salatuko dituzte kale ekintza baten bitartez Bilboko Eliptika plazan, multinazional askok dendak dauzkaten gunean. "Justizia eta erantzukizunak eskatzen jarraitzen dugu", diote Emakumeen Mundu Martxa eta Erropa Garbia kanpainako lagunek, "Rana plaza edonon baitago".