Arriagak 'L’Orfeo' lanaren muntaketa eguneratua ekoiztu eta eramango du eszenara

uriola.eus 2017ko api. 24a, 13:00

Arriaga Antzokia buru belarri ari da jadanik denboraldi honetako ekoizpen propio handian lanean. Claudio Monteverdi (1567-1643) konposatzaile italiarraren pieza nagusia, L’Orfeo, historiako lehenengo operatzat hartzen dena, eszenara eramango duen lana da. Ikuskizun berria, Monteverdiren jaiotzaren 450. urteurrenarekin bat etorriz Arriagak aurten bultzatu dituenen arteko garrantzitsuena, maiatzaren 5ean eta 6an (ostiralean eta larunbatean) estreinatuko da Arriagan, arratsaldeko 20:00etan hasiko diren bi emanalditan.

Ikus-entzuleek opera handi batez gozatu ahal izango dute, musika bikainarekin, inolako zalantzarik gabe, zazpi ahots bakarlariekin, orkestrarekin eta pasarte batzuetan baita musika elektronikoaren ukipen iradokigarriekin ere. Baina L’Orfeo askoz gehiago izango da, ikuskizuna eszenaratuta eta koreografiatuta dagoelako, eta zuzeneko irudi-sorkuntza performancea ere baduelako. Hori guztia gutxi balitz, eszenografia zirraragarriaren barruan garatuko da eta, ondorioz, emaitza ekoizpen lan ikusgarria izango da.

Ludovic Allenspachen dramaturgia duen L’Orfeo, Suitzan bizi den Barbora Horakova Joly zuzendari txekiar bikainak zuzentzen du, Europako zuzendari gazte garrantzitsuenetakoak, eta hori argi eta garbi erakusten du une honetan Ring Award lehiaketa ospetsuko goi mailako saria eskuratzeko hautagaietako bat izateak. Nazioarteko sari horrek bikoteka saritzen ditu antzerki musikaleko eszena zuzendari gazte hoberenak. Horakova Joly, Cornelia Schmidtekin zuzendaritza taldea osatuz da ekainaren amaieran erabakiko den sari horretarako hautagaia, eta 300 eszena zuzendari baino gehiago aurkeztu ziren sariketako finalera heldu diren beste bi zuzendari bikoteren kontra lehiatuko dira. Beraz, gero eta garrantzi handiagoa duen zuzendari batez ari gara, eta Calixto Bieitok (Horakova Joly zenbait proiektutan aritu da berarekin) berari agindu dio zuzendaritza artistikoa bere gain hartu zuenetik Arriaga Antzokiak gauzatuko duen lehenengo ekoizpen handia gidatzeko lana. 

Argi dago L’Orfeo lanaren eszenan jartze osoaren ardatza Monteverdiren musika bikaina izango dela. Lanaren zuzendaritza musikala Karel Valter txekiarraren esku egongo da. Bere batuta irmoa, artista eta orkestra askoren gidari izan da mota guztietako ekoizpen musikaletan, ensemble txikietatik hasi eta opera handietara.

Ikuskizunak bertako eta nazioarteko interpreteak ditu. Azpimarragarriak dira bakarlari gisa arituko diren laneko zazpi abeslari nagusiak, eta bereziki Orfeo protagonista antzeztuko duen Jonathan McGovern baritono ingelesa eta Alemanian bizi den Marysol Schalit soprano suitzarra, bere ahotsarekin eta adierazpenarekin Musikaren, Esperantzaren eta Ninfaren paperei bizia emanez. Oso garrantzitsua da, baita ere, Jose Manuel Zapata tenorea, Apollorena eginez. Eurekin batera, eta garrantzi sinboliko handiarekin, Euridizerena, kontatzen den istorioan ezinbesteko pertsonaiarena, egiten duenez, Araban bizi den Alicia Amo Burgoseko sopranoa arituko da. Ahots talde bikain eta anitza osatuko duten gainerako artistak Ismael Arroniz Leongo baxua, Caronteren paperean, orain denbora gutxi Monteverdiren beste lan batean, Combattimenton, Arriagan ikusi ahal izan dugun Anna Alas y Jove mezzosoprano katalana, L’Orfeo lanean Proserpina eta Messagiera rolak beteko dituena, eta Plutone antzeztuko duen Jose Manuel Diaz euskal baritonoa izango dira. 

Halaber, Monteverdiren lanaren indarrak beste aliatu batzuk ere aurkituko ditu ekoizpen berri honetan. Basilio Astulezek zuzenduko duen San Juan Bautista Abesbatzeko – SJB, neska eta mutil gazteek ahots une bikainak eta koreografiatutako eszena arinak eskainiko dituzte, Adrien Boissonet koreografo frantsesak egindako gorputz-lan zirraragarriari esker, bera izan baita artisten mugimendu eszenikoa eta ikuskizuneko dantza pasarteak diseinatzearen arduraduna. Horrez gain, Sevillako Orkestra Barrokoak bere kalitatea eta interpretaziorako pasioa jarriko ditu L’Orfeo lanaren esku, multzo osoari are eta indar gehiago emanez.

Eszenan jartze ikusgarria

Eva-Maria Van Ackerrek diseinatutako eszenografia (jantziez ere bera arduratu da) oso deigarria izango da ikus-entzuleentzat. Aldamio handiak eta ura eta lurra bezalako elementuak erabiliz, artista belgikarrak agertoki handia, iluna, itxura gotiko samarrekoa eta izaera apokaliptikoduna sortu du, besaulki-patiorantz sartzen dena eta aurri eta hondamendi irudia oparotasunez irudikatzen duena, une batzuetan Monteverdiren lanak berak transmititzen duenarekin bat etorriz, giza emozio sakonena erakusten duten kantuekin, hainbat modutara adierazitakoa, gizon batek, Orfeok, inork gainditu ezin dugun etsaiaren, heriotzaren, kontra daraman borrokan. Inspirazio estetiko eta bisualerako, Barbora Horakova Joly zuzendariak Bosniako gerra hartu du erreferentzia gisa, gatazka hartatik ihes egin zuen bere adiskide bat eta, orokorrean, gerraren kontzeptua bera gogoraraziz, bonbardatutako eta suntsitutako hiria osatzeko, bizitzan ezerk esanahirik ez duela dirudienean, lasaitzen eta kontsolatzen gaituen musikak bere bidea aurkitu behar duen etsipenaren eremu gisa. Izan ere, L’Orfeo laneko protagonistek, gerrak jasan dituzten herriek bezala, beti aurkitu dute babesa kantuan eta musikan, itxaropena bultzatzeko eta elkartuta egoteko, iluntasunaren eta basakeriaren artean zoriontasun une hori aurkituz. Musika gerrarentzat Euridize Orfeorentzat dena da: zoriontasun une labur hori. Era berean, lanak, nolabait, berreraikuntzarako tresna gisa errebindikatzen ditu kultura eta artea.

Azpimarratu beharreko beste alderdi bat argiztapena da. Izan ere, Michael Bauerren argien jokoek asko laguntzen dute espazioen eta, batez ere, giroen, eraikuntzan.

Lengoaia berriak L’Orfeorentzat

Janiv Oron musika elektroniko konposatzaileak, musika elektronikoaren nazioarteko eszenan DJ bikain gisa eta Goldfinger Brothers taldeko kide izateagatik ezaguna denak, soinuzko koltxoia emango dio ikuskizunari emanaldietan. Dena den, musika mota horren ekarpenak ez du inolaz ere antzezlanean musika berria sartzea bilatzen, gure belaunalditik gertuago dagoen estilo modernoagoa erabiliz, Monteverdik transmititu zituen emozio berberak adierazteko beste lengoaia bat erabiltzea baizik. Azpimarratu behar da Monteverdi, berez, beti izan dela garaikidea, izan ere bere garaiari aurrea hartu zion egilea izan zen. Horrela, jatorrizko L’Orfeoren izpiritua ez da inoiz galtzen, eta opera hau aukera paregabea da Monteverdi bera eta bere musikaren edertasuna ezagutzeko.

L’Orfeo honetarako bere artea zuzenean eskainiko duen beste artista handi bat Herve Thiot izango da. Ezaguna da zenbait diziplina artistiko nahasten dituzten bere performanceengatik. Oraingo honetan, iPad batean, agertokian egongo diren pantailetan proiektatuko diren marrazkiak zuzenean sortuz eramango du aurrera bere sormena. Horrela, emanaldi bakoitzean, Thiotek sortu eta proiektatuko dituen irudiek, operaren ekintzan adierazten edo iradokitzen diren sentimenduak indartuko dituzte.

Horakovak lan honetan gehitu duen elementu berritzaile bat, uneren batean spoken word izenekoa sartzea izan da, hau da, errezitatzea, euskarari eta gaztelaniari egiten zaizkien keinuekin. Gogorarazi behar da L’Orfeo opera italieraz interpretatzen dela batez ere, gaztelaniazko eta euskarazko gain-tituluekin. 

L’Orfeori buruz

Orfeo, zauritutako arimei itxaropena eta ausardia ematen dien izaera artistikoaren sinboloa da. Favola in musica baten babespean, sortu den genero berriaren, operaren, maisu lan horrek ez digu infernutik salbatu ondoren Euridize galtzen duen Orfeoren mitoari buruz hitz egiten soilik, musikak duen indar magikoa ere adierazten du, inguratzen gaituen mundua bakez betetzeko eta goratzeko duen gaitasunarengatik. 

Poeta, musikaria eta profeta ahultasunaren kontra borrokatzen da, heriotzak etengabe mehatxatzen duen mundu ilunean. Gizadiaren egia bakarrari, biziaren eta heriotzaren arteko muga gaindiezinari, buelta emate ezinezkoan saiatzen da. Bere inframunduan, Orfeo bere beldurrei aurre egiteko borroka egiten du, bere zoriontasun une laburra irudikatzen duen hildako Euridize berreskura dezakeela uste duelako. Printzipioak askatzailea dirudi, baina inframundutik egindako bideak bere beldurrak eta giza izaerari aurre egin behar dion artista gisa duen existentzia bakartia itzuliko dizkio Orfeori.

Monteverdiri buruz

Claudio Giovanni Monteverdi (Cremona, 1567 – Venezia 1643) Errenazimenduko eta Barrokoko musikaren arteko trantsizioak eman zuen figura garrantzitsuena da. Historiako lehen opera idatzi zuen, L’Orfeo, Alessandro Striggioren poema batean oinarrituta, Mantuako inauterietarako. Mantuako Accademia degl’Invaghiti izenekoan estreinatu zen 1607ko otsailean, eta urte bereko otsailaren 24an Mantuako Teatro de la corte deritzonean. Musikaren jeinuak soinu emaitza ikusgarria lortu zuen bere lanetan harmoniak eta disonantziak era paregabean nahastuz.

L’Orfeo gaztea 

L’Orfeo ekoizpen lan berria dela eta, Arriaga Antzokiak 'L’Orfeo gaztea' ekimena eramango du aurrera. Ekimen horren helburua opera gazteengana hurbiltzea eta Arriaga Antzokiaren beraren eta gazteriaren arteko elkarrekintza indartzea da, Facebooken Arriaga Antzokia jarraitzen duten 30 urtetik beherako pertsona guztiei maiatzaren 3an arratsaldeko 20:00etan egingo den Entsegu Orokorrera dohainik joateko aukera eskainiz. Beraz, ikuskizun bikainaz gozatzeko aukera paregabe horretaz gozatu nahi duen orok bi baldintza hauek baino ez ditu bete behar: 30 urtetik beherakoa izatea eta Facebooken Arriaga Antzokiaren jarraitzailea izatea edo egitea.

Doako sarrera lortzeko (pertsona bakoitzari bat emango zaio), interesatuak antzokiko txarteldegietara edo Informazio Bulegora hurbildu, NAN erakutsi eta sare sozialetan Arriaga Antzokia jarraitzen duela egiaztatu beharko du. Dauden sarrera guztiak banatuko dira, leku kopurua agortu arte.

Ikuskizunerako sarrerak 15 eta 54 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.