Gaurtik zabalik dago haurreskoletan matrikulazioa egiteko epea

uriola.eus 2017ko mai. 2a, 09:00

Haurreskolen plaza kopurua handitu egingo du Udalak 2017/2018 ikasturteari begira eta irailean, Sanchez Marcos ikastetxe ondoan zentro berri bat zabaldu eta Zamakola eta San Inazioko haurreskolen instalazioak handituko ditu.

Guztira 97 plaza berri izango dira, horietatik 42 Sanchez Marcos eraikin berrian, 21 Zamakolako handitzean eta beste 34 San Inaziokoan. Azken hauek ez dira erabiliak izango 2018ko urtarrilera arte. Gainerakoek irailean hasiko dute ikasturtea eta matrikulazioa, ondorioz, maiatzean izango da.

Bilbon, egun, 531 plaza daude, 8 barrutietan barreiatutako 13 haurreskoletan. 170 plaza 0-1 urteetarako eta 361 plaza 1-2 urteetarako. Datorren ikasturtean, Sanchez Marcos Haurreskolak zentro hauek kudeatzen dituen Haurreskolen Partzuergoarekin bat egingo du eta honela, Bilbok 14 haur eskola edukiko ditu.

Haurreskola berriarekin eta Zamakola eta San Inazioko handitzeekin 2017/2018 ikasturterako eskaintza 628 plazakoa izango da:

0-1 urteko gela: 202 plaza

1-2 urteko gela: 426 plaza

Matrikulazioa zabali maiatzaren 2tik 12ra

Maiatzaren 2tik 12ra, biak barne, 0 eta 2 urte arteko umeentzako izen emateko epea zabalik egongo da Bilboko haurreskoletan, 2017/2018 ikasturterako.

Horretarako, matrikulatzeko informazioa eta izen emateko orriak haurreskoletan eta Haurreskolen Partzuergoaren web orrialdean (www.haurreskolak.net) izango dituzte eskuragarri interesdunek.

Behin-behineko zerrendak ekainaren 16an argitaratuko dira haurreskolen web orrialdean eta haurreskola bakoitzean, eta behin-betikoak uztailaren 12an.

Maiatzean ere Sanchez Marcos eta Zamakolako plaza berrien matrikulazioa zabalduko da. San Inazioko Haurreskolako plaza berrien matrikulazioa, aldiz, ezin izango da egin urte amaiera arte.

Sanchez Marcos haurreskola berria 

Sanchez Marcos haurreskola berriaren lanak amaitzen ari dira eta irailean prest egongo da 0 eta 2 urte arteko umeak jasotzeko.

Haurreskola berri hau Juan M. Sanchez Marcos HLHI ondoan dago. Zehazki, garai bateko RAG garajearen eraikinean. Bertako lokalak Bilboko Plangintza Orokorrak jarritako karga urbanistikoaren ondorioz Bilboko Udalaren alde gertatutako uzte batetik datoz.

Sanchez Marcos hurreskolak 42 plaza eta 4 gela izango ditu. 16 plaza 0 urteko umeentzat aurreikusitako bi gelatan, eta 26 plaza urte bateko umeentzako beste bi gelatan. Gela bakoitzak atsedenleku eta aldalekua izango ditu, baita elikagaiak prestatzeko guneak ere. Zentroan, gainera, sukaldea, jantokia eta jolas gunea ere egongo dira.

Egun, Cervantes HLHI barruan dagoen beste haurreskola duen 6 barrutiaren eskaintza osatuko du zentro berri honek. Lokal honetan egindako lanen kostua 371.914, 96 eurokoa izan da.

Irailean zabalduko da eta Juan M. Sanchez Marcos HLHI-ren haur eta lehen hezkuntza eskaintza osatuko du, 0 urtetik 12 urtera zerbitzua emanda.

Zentro hau oraindik zabalik ez dagoenez, matrikulazioa barrutiko udaltegietan edo Ernesto Erkoreka plazan dagoen informazio bulegoan egin beharko da.

Auzoan haurreskola berriari buruzko informazioa zabaldu eta ekipamendua ezagutarazteko asmoz, triptiko baten 26.000 ale banatuko dira 6. barrutiko (Indautxu eta Abando) etxeetako postontzietan. Datorren ikasturterako haurrak matrikulatzeko epea maiatzaren 2tik 12ra izango dela azpimarratuko da.

Zamakolako eta San Inazioko haurreskolen plazen gorakada

Seigarren barrutian haurreskola berri bat zabaltzeaz gain, Udala Abusu-La Peña eta San Inazio auzoetako plazak handitzeko ere lanean ari da.

Abusu-La Peña auzoan, zehazki, Zamakola Juan Delmas ikastetxe ondoan dagoen eraikin berrian plazak bikoiztuko dira 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzat. Bertan, jolastokia, sukaldea eta jantokia ere edukiko dituzte. Edukiera bikoiztuko du, 21 plazatik 42ra igarota.

Zero eta urte bat bitarteko umeentzat 16 plaza izango ditu, eta 26 plaza urte bat eta bi urte bitartekoentzat, egungo edukiera (8 eta 13 plaza hurrenez hurren) bikoiztuta. Sukaldea, jantokia eta jolastokia ere izango ditu.

Interesdunek maiatzean egin ahal izango dute matrikulazioa –beste haurreskolen epe berean- eta irailean jarriko da abian, 2017/2018 ikasturterako.

Auzoaren eskariari erantzun dio haurreskola honen eraikuntzak, azken urteetan Abusu-La Peña auzoan jaiotze kopuruaren hazkuntza nabarmena izan baita.

Hori dela bide, 2014an, gaurko eraikinaren ordez, plazak bikoizteko aukera emango lukeen hiru solairuko eraikin berri bat eraikitzea erabaki zen. Eraikina egiteko zailtasunak gora behera, lanak jada amaitzen ari dira eta irailean Zamakolako haurreskola abian izango da.

Bestalde, San Inazioko Haurreskolan egiten ari den handitzearen bidez beste 34 plaza berri sortuko dira, eta guztira 97 plaza eskainiko dira.

Gaur egun, 0-1 urteko umeentzako 24 plaza dauzkaten hiru gela daude, eta 1-2 urteko umeentzako 39 plaza dauzkaten beste hiru gela.

Urte amaieran handitze lanak bukatuko dira, eta beraz, 2018ko urtarrilean zentroa erabili ahal izango da.

Interesdunek umeak matrikulatu ahal izango dituzte haurreskolan bertan eta 2018 urtarriletik haurreskola honek 97 plaza izango ditu:

0 – 1 urte: 4 gela, 32 plaza

1 – 2 urte: 5 gela, 65 plaza

Haurreskola honek, batez ere, San Inazioko auzokideei emango die zerbitzu.