Udal ekimen honek hainbat helburu bete nahi ditu, hala nola, askotariko kultur proposamenak auzoetara hurbildu, kaleak animatu, auzotarren parte hartze eta zuzeneko harremanari bide eman eta bertako arte eszenikoetako taldeei bereziki, haien lanak ikusleengana eroateko aukerak eskaintzea. 'Udaberrian Eszena Kalera', gainera, kultur programazio deszentralizatuaren eta kale arteak sustatzearen alde Udalak egin duen apustua indartzera dator.
Maiatzaren 1etik eta ekainaren amaierara arte gauzatuko diren estilo desberdinetako 46 emanaldi hauek, ekainaren 26tik aurrera Bilboko erdigunea alaituko duen 'Festival de Teatro y Artes de la Calle – Bilboko Kalealdiaren' atariko ezin hobea izango dira. 'Udaberrian Eszena Kalera' egitaraua gaur goizean aurkeztu dute udaletxean Nekane Alonso Kultura zinegotziak eta azken hamarkadan zirkua, kale antzerkia eta clowna estilo berezi batez landu duen Malas Compañias taldeko Mikel Picaza artistak.
'Udaberrian Eszena Kalera' egitarauan parte hartuko duten 18 taldeek kalean egiteko pentsatutako emanaldiak eskainiko dizkiote publikoari. Emanaldiok 60 minutu baino gehiago ez dute iraungo eta kalitatea eta umorea izango dute ezaugarri. Parte hartuko duten taldeak, honako hauek: Ameztu Produkzioak, Barre Cia, Malas Compañias, Malicia Cia, Markeliñe, Pantzart Teatro, Philo ta Jole, Plataforma Tirante, Potxin eta Patxin, Rojo Telón, Teatro a la Boina, Trapu Zaharra, Trotamundos Cia, eta magian espezializatutako artistak, hala nola Txan Magoa, Tor Magoa, Sun Magoa, Oliver Magoa & Eva eta Hodei Magoa
Rojo Telon taldeak emango dio hasiera kale zirkuituari auzoetan, 'Haiek naiz/soy ellas' ikuskizunarekin, Elorrieta plazan, maiatzaren 1ean. Bide berean topo egin eta bidaia elkarrekin jarraitzeko erabakia hartzen duten hiru emakumeren barneko bidaia emozionala, eta aldi berean, dibertigarria da emanaldi honek eskainiko duena. Aireko elementuen (trapezio hirukoitza, oihalak…) eta zoruko akrobazien bidez indar bisual handiko imajinak sortuko dituzte eta clownari loturiko bestelako teknika batzuekin konbinaturik, zirku garaikideko ikuskizun dibertigarri eta xamurra sortzea lortuko dute.
Programatutako 46 ikuskizunen artean poetikaz beteriko lanak nabarmentzen dira, non kalitatea, originaltasuna eta berrikuntza ezaugarri nagusiak diren. Honela, besteak beste, Ameztu Produkzioakek 'PAC-MAN' bideo joko ezagunean dantzaren bidez jolasten lagunduko digu, Barre Ciak zirku, umore eta zuzeneko musikaz gatzozpindutako krispetak eskainiko dizkie ikusleei eta Markeliñek zoologiko berezi bat sortuko du, non haurrak ikuskizun iradokitzaile baten protagonista bihurtuko diren.
'Udaberrian Eszena Kalera' programazioak, urteko beste garai batzuetan eskaintza mugatua duten auzoetako herritarrei kale-arte eszenikoetako ikuskizunekin gozatzeko aukera emango die. Esate baterako, Olabeaga, Abusu, Masustegi, Peñaskal, Bolueta, Uretamendi, Elorrieta, San Inazio, Irala, Ibarrekolanda eta Atxurikoei, besteak beste.
Ordutegi, kokapen eta datei buruzko informazio osoa jada eskuragarri dago www.kulturabarrutik.eus orrialdean.