Itsaso Andueza Euskadiko Gazte Kontseiluko lehendakari ohiak gidatuko du hiru gonbidaturen arteko solasaldia: Maialen Olabe (Euskadiko Gazte Kontseiluko Lehendakaria), Edu Alonso (Nafarroako Gazte Kontseiluko Lehendakaria) eta Adriana Verdugo (EHUko Ikasle Kontseiluko kidea). Hitzordua, gaur, osteguna, maiatzak 4, Ibeni Kaiko lehenengo zenbakian dagoen Hika Ateneoan 19:00etan.
Gazteak Together
Joan den otsailean "sentsibilitate eta esparru desberdinetako" gazte talde batek Gazteak Together proiektua aurkeztu zuen. Helburua, kultura parte hartzailea eta erabakitze eskubidearen inguruko eztabaida gazteen esparrura zabaltzea da.
Oro ar, gazteak aktiboak direla eta parte hartzeko gogoa dutela uste dute Gazteak Together proiektuko kideek, baina erakunde eta gazteen arteko distantzia handia dela eta, askotan gazteen inguruko erabaki asko "gazterik gabe" hartzen direla azaldu zuten. Horregatik, demokrazia parte hartzailearen inguruko gogoeta gazteen esparruan ematea beharrezkotzat jo zuten, eta proiektu honi hasiera eman zioten, Euskal Herriko txoko desberdinetako gazteek elkarlanean.
Lehenengo hitzaldia martxoaren 1ean antolatu zuten Donostiako Koldo Mitxelenan. Bertan, Iparraldeko Garapen Kontseiluko Paxkal Indo eta Caroline Phillips izan ziren hizketan. Euska Herriko hiriburu guztietan zear egin nahi duten hitzaldi ziklo honekin gazteek prozesu publikoetan duten parte-hartzearen inguruan hausnartu eta eztabaida sustatu nahi dute, bai eta eskura dituzten erakundeak hobeto ezagutu ere.
Kontaktua: @GazteakTogether