Bilbo "erabakizeko prest" dagoela irudikatzeko hitzordua

uriola.eus 2017ko mai. 9a, 10:30
Argazkia: Gure Esku Dago

"Orain arte egindako lana, lortutako adostasunak eta piztutako ilusioa ekimen berean biltzeko" eta Herritarron Ituna aurkezteko, Gure Esku Dago ekimenak ekainaren 10ean Erabakitzeko prest lelopean mobilizazio nazionala deitu du Bilbon. Hori baino lehen, maiatzaren 27an, "Bilboko argazkian" parte hartuko du herritar talde batek. 

Bilbo hiriarekin lotura duen "herritar talde zabal eta anitz batek" egin du deialdia. Gure Esku Dago (GED) herri dinamikako taldekideak dira asko. Hainbat lagun elkartzea dute xede maiatzaren 27an, larunbatean, eguerdian. Topagunea Isozaki dorren arteko eskailera da. Bertan elkartuko diren lagunek galdera ikur bat osatuko dute "Bilbo erabakitzeko prest dagoela" adierazteko. Ekainaren 10eko mobilizazio nazionalaren atariko ekintza izango da. 

Izan ere, ekainaren 10ean, "orain arte egindako lana, lortutako adostasunak eta piztutako ilusioa" ekimen berean bildu nahi ditu Gure Esku Dago ekimenak. Partaideen artean "galdera ikur erraldoia" osatuko dute Euskadi Plazatik Eliptika plazaraino. 

Ekimena herritarrez ez ezik "edukiz ere" beteko dute. Mobilizazioaren amaieran Herritarron Ituna aurkeztuko dute, "erabakitzeko eskubidearen alde sortzen ari diren forma eta eduki anitzeko adierazpen guztiak bilduko dituen ituna". Euskal herritarrek erabakitzeko zein oinarri adostu dituzten eta nola erabaki nahi duten jasoko du testuak. Eta ekainetik aurrera, erabakitzeko eskubidearen aldeko Herritarron Ituna oinarri, Euskal Herriko eragileen itunari bide emateko lanketa hasiko du GEDk, "Euskal Herri mailako ituna" osa dadin.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko indar guztiak batzea dute xede. Eta ekainaren 10ean "elkarrekin zer egitera iritsi gaitezkeen irudikatu nahi dugu, bai guztion artean osatuko dugun galdera ikur erraldoian eta baita mugarri izango den Herritarron Itunean ere".

 

Txartelak eta puxikak 

Hiri, herri eta auzoetan eskura daude ekainaren 10eko ekimenean parte hartzeko konpromiso txartelak. Txartel horiekin batera banatuko dituzte mosaikoa osatzeko erabiliko diren puxikak ere.

gureeskudago.eus

[2017-03-27] 'Herritarron Ituna'-ren aurkezpenean, ekainaren 10ean Bilbon, parte hartzera deitu du Gure Esku Dagok