1987an sortu zuten konpartsa Euskal Herrian Euskarazeko kideek, "jaiak euskaraz bizi" eta Aste Nagusian "euskararen presentzia handitzeko" asmoz. Egungo konpartsakideek ere helburu berberei heldu nahi diete, eta "euskara hutsean funtzionatzen duen" konpartsa baten beharra azpimarratzen dute.
Aurtengoa 30. urteurrena izanda "indar berezia" eman nahi izan diote Hau Pittu Hau Egunari, eta "konpartsa indartzeko egun bat" izatea espero dute. Maiatzaren 13an, larunbata, egingo duten jaialdirako egitarau zabala antolatu dute. 13:00etan trikipoteoa hasiko dute Kalderapekotik eta 15:00etan bazkaria egingo dute Aker Enean (izena emateko idatzi haupittuhau@haupittuhau.eus helbidera)
Arratsaldean Fritanga Elektrotxaranga, Trikizio eta DJ Barraskilok alaituko dute Alde Zaharreko giroa. Gainera, konpartsakideek aurreratu duten bezala, Trikiziok 30. urteurrenerako egin dien abestiaren "estreinaldi mundiala" egingo dute larunbat gauean. Bestalde, ospakizuna euskaldun orori zabalik dagoela gogorarazi dute, eta antolatutako ekintzetan parte hartzeko deia zabaldu.