Barbara Cramptonek jasoko du 'Fantastikoaren izarra' saria

uriola.eus 2017ko mai. 11a, 12:30

Fanten 'Fantastikoaren izarra' saria jasoko duen Barbara Crampton antzezle estatubatuarrak Jackson Stewartek zuzendutako Beyon the Gates, bere azken lana aurkeztu du gaur goizean. Filma 20:00etatik aurrera eskainiko dute Golem – Alhondiga zine aretoetako 1. aretoan.   

Lehen aldiz, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – Fantek 'Fantastikoaren Izarra' saria banatuko du. Ohorezko sari horrek genero fantastikoan egindako ibilbide osoa aintzatetsi nahi du, eta Barbara Cramptonek (New York, 1958) jasoko du. Gaur goizean agerraldia egin du komunikabideen aurrean, Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak lagunduta.

Telebistako hainbat saiotan lan egin ondoren, Crampton Brian de Palmaren esanetara aritu zen 1984an Doble cuerpo lanean. Baina generoko zine zaleen artean ezagun bilakatu zuen lana, Re-animator (1985) filmean Stuart Gordonen esanetara egin zuena izan zen. Beldurrezko zinearen klasiko moderno horren ondoren, generoari oso lotuta jarraitu zuen, Re-sonator (1986), Trancers 2 (1991), Robot Wars (1993) edo Space Truckers (1996), bezalako lanekin, bere aurkitzailea izan zen Stuart Gordonen esanetara, berriro ere. 

2011n You’re Next lanean aritu ondoren, Rob Zombie, Adam Wingard edo Ti West bezalako zinegile belaunaldi berriak antzezlea berreskuratu du, eta beldurrezko zinearen gorengo mailara eraman du berriro ere. Barbara Cramptonek zinemaldiaren amaiera ekitaldian jasoko du bere 'Fantastikoaren Izarra' saria, eta Jackson Stewartek zuzendu duen Beyond the Gates bere azken filma aurkeztuko du. Horrez gain, Fant 23k Re-Animator mitikoa eskainiko du gaur arratsaldean, 18:00etan, Golem – Alhondiga zine aretoetan. 

Fantek Zinemaldiko Ohorezko bigarren Fant Saria ere banatuko dio amaiera ekitaldian Pedro Rivero zinegile bilbotarrari. Orain arte bi Goya sari lortu ditu, animaziozko Birdboy film laburrarekin eta, aurten bertan, Animaziozko Film Hoberenaren Goya Saria, Psikonautak, ume ahaztuak lanari esker.

Bihar, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Kale Nagusiko BBK Aretoan, ospatuko den zinemaldiaren amaiera ekitaldian sarituen zerrenda jakinaraziko da eta Carles Torrensen PET filma (Espainia, 2016) eskainiko dute. PET, Aspaldiko neska-laguna aurkitu duen eta berarekin obsesionatzen hasten den gizon bati buruzko thriller psikologikoa da. Obsesio hori dela eta, neska-lagun ohia bahitu eta lan egiten duen animalien babeslekuaren azpian izango du irten ezinik. Carles Torrens Bartzelonan jaio zen 1984an. Estatu Batuetan ikasi zuen, eta bertan Chapman University izenekoan graduatu zen, bi film labur sariturekin: Coming to Town (2006) eta Delaney (2007). Bere lehenengo film luzea Emergo (2011) izan zen, eta Sequence (2013) film laburrak saria jaso zuen Fanten.