Zergatik jasotzen dugu hain organiko gutxi Bizkaian?
Batetik, Bizkaiko hiri handi askotan oraindik ezin delako organikorik banatu. Bestetik, Bizkaian bultzatzen ari diren politikek kutsatzeko aukera ematen dutelako. 5. edukiontzia ipini, baina zabor nahasiarentzako edukiontzia kontrolatzen ez bada, pertsona askok zaborra nahasita botatzen jarraitzen dute.
Gainera, Bizkaiko 5. edukiontzian arrain eta okelarik ezin da bota, nahiz eta Europako eta Euskal Herriko leku gehienetan hondakin horiekin ere kalitatezko konposta egiten den.
Herrietan hondakinak nahasita bota eta kutsatzeko aukera dagoenez, Bizkaian milaka eta milaka kilo material birziklagarrik erreta eta zabortegietan amaitzen dute (2016an 325.000 tona). Bizkaiko zabortegiak milaka eta milaka kilo errauts eta zabor jasotzen ari dira egunero egunero. Eredu hori, jasanezina da. Ezin da bide horretatik jarraitu.
Organikoa banatzeko aukera bizkaitar guztiei eskaini behar zaie, eta kutsatzeko aukerak mugatu behar dira.
Bizkaitik oso gertu, hondakinak gaika batzeko beste eredu hobeago batzuk daude martxan. Gipuzkoan edo Nafarroa iparraldean badaude herriak hilean pertsonako 7 kilo organiko jasotzen dituztenak. Herri horietan zaborrarentzako edukiontziak kontrolatuta daude. Herri horietan kutsatzea ez da eskubide edo aukera bat. Birziklatzea, ostera, herritar guztien eskubide eta ardura da.
Bizkaian ere herri batzuk hasi dira bide hori hartu nahian. Albiste ona da, eta esperientzia horiek herrialde osora zabaldu beharko lirateke.
Zero Zabor ingurumen babeserako elkartea prest dago Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bizkaiko udalei laguntzeko, hauek birziklatze tasak hobetu nahi badituzte. Baina argi eduki behar da gauza bat: gaikako bilketa eta birziklatze tasak hobetzeko, politika publiko ausartak martxan ipini behar direla. Kutsatzea ezin da aukera eta eskubide bat izan!
Zaborrik gabeko Bizkaia eta Euskal Herria nahi ditugu, geure seme-alabei mundu hobeago bat lagatzeko!