Heldu dira LOMCEren errebalidak Bilboko institutuetara

uriola.eus 2017ko mai. 16a, 09:34
Gaurko mobilizazioak. Arg: topatu.eus

Atzo hasi ziren egiten LOMCEren errebalidak Euskal Autonomia Erkidegoan, Hezkuntza sailak maiatzaren 15etik 31ra bitartean egingo duen proba pilotuaren barnean. Bilbon Deustuko Ikastolan eta Unamuno BHIn egin nahi dituzte azterketak maiatzaren 17 eta 19an. Hezkuntza Plataformen Topaguneak eta Ikasle Abertzaleak erakundeak "inposatutako azterketei planto" egiteko dinamikak dituzte martxan.

Azterketak Lehen Hezkuntzako 30 ikastetxetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 60 ikastetxetan egingo dituzte gaurtik hasi eta hilaren amaiera bitartean. Lehehen Hezkuntzan 3. eta 6. mailan egingo dira azterketak eta Bigarren Hezkuntzan 4. mailan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak proba pilotu gisa egingo dituzten azterketak "diagnostikorako bakarrik" izango direla azaldu du, diseinatzen ari diren "ebaluazio eredua baliozkotzeko".

Bihar, asteazkena, maiatzak 17, Deustuko Ikastolako DBH4ko ikasleei errebalida azterketa egiteko asmoa dute. Ikasle Abertzaleak erakundeak azterketei "planto" egiteko deia zabaldu du, eta bihar bertan, 07:50tan, idazkaritzako atearen aurrean elkarretaratzea egingo dute.

Ostiralean, hilak 19, Unamuno BHI institutuan egin nahi ditu errebalidak Hezkuntza sailak. Bizkaian Barakaldoko Beurko BHI, Getxoko Aixerrota BHI, eta Bagatza, Arrigorriaga eta Ondarruko zenbait institututara ere helduko dira LOMCEren azterketak.

Oraindik errebalida hauek ez dira lotesleak, eta azterketa egitea ez da beharrezkoa izango DBHko titulua eskuratzeko. Horregatik "errebalidei desobedientzia egiteko aukerak hamaika direla" azaldu dute Ikasle Abertzaleak erakundetik. Hala ere, ohartarazi dute 2017-2018 ikasturteetan azterketak lotesle izatea nahi dutela.

Heziberri "zentzugabea, arrotza eta inposatua" den erreforma dela, eta "ikasleen eskubideak urratzen dituela" saltu dute hezkuntza eragileek. Bai Ikasle Abertzaleak eta baita Hezkuntza Plataformen Topaguneak ere, dei egin diete ikasle, familia eta irakasleei "plantoa antolatu eta gauzatu dezaten". Ostegunean, hilak 18, kontzentrazioa deitu dute Gasteizko Legebiltzarraren aurrean 12:00etan.