LGTB+fobiak "hiltzen duela" salatuko dute gaur, maiatzak 17

uriola.eus 2017ko mai. 17a, 09:50

Adierazpen askatasuna baino gehiago aldarrikatuko dute LGTB+ kolektiboetako kideek gaur, maiatzaren 17an. Besteak beste, bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute. Izan ere, adierazi dutenez, LGTB+fobiak "hiltzen gaitu". Bilboko Udalak, berriz, Izan. Maitatu. Eta kito kanpainarekin "mezu positibo bat aukeratu nahi izan du intolerantziari aurre egiteko".

Maiatzaren 17an Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Eta egun hori aukeratu zen, hain zuzen 1990eko maiatzaren 17an erabaki zuelako Osasunaren Mundu Erakundearen Batzar Nagusiak (OME) homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik ateratzea. 

Egun horren helburu nagusia da edonolako ekintzak koordinatzea homosexualek, lesbianek, bisexualek eta transexualek jasaten duten diskriminazioa salatzeko eta haien eskubideek mundu osoan aurrera egiteko.

Aurtengoan, LGTB+ kolektiboko kideek jasan dituzten irain, mespretxu eta erasoak direla eta, leloa gogortzea erabaki dute manifestazioko deitzaileek. "Ez da adierazpen askatasuna. LGTB+fobiak hiltzen gaitu", salatu dute. Mezu hori izango du hain zuzen ere gaurr, maiatzak 17, Moyua plazatik 19:30ean abiatuko den manifestazioak. 

 

Izan. Maitatu. Eta kito

Juan Mari Aburto alkateak, Bilboko Udalaren izenean, adierazi du "gorrotoaren diskurtsoaren aurrez aurre estimuaren eta dibertsitatearen defentsaren diskurtsoa" jarriko duela. Izan. Maitatu. Eta kito leloarekin kanpaina abiarazi du Udalak gaurko egunari begira, "gorrotoa erauzteko maitasuna erabiliz". Bilbotarrei zuzenduz alkateak zera gaineratu du: "Inor ez dela nor inoren sexu-orientazioa, genero-identitatea eta sentimenduak zalantzan jartzeko". Horiek horrela, aurtengo kanpainarako mezu positibo bat aukeratu du Udalak, "intolerantziari aurre egiteko dibertsitatearen koloreak nagusi dituen mezua", alegia.