Kontzertu guztiak Areatzako Kioskoan eskainiko dira, ehun urte baino gehiago dituen taldeak 1895eko ekainaren 9an bere lehenengo kontzertua eman zuen leku berean, hain zuzen ere.
'Bidaia eszenatik' lelopean, 45 musikarik baino gehiagok, honako obrak interpretatuko dituzte Iñaki Urkizuren batutapean: Francisco Alonsoren La calesera (T. Romoren moldaketekin) eta El gallo, Gioachino Rossiniren La gazza ladra, Jacques Offenbachen Orfeo en los infiernos (M. Lakeren moldaketekin), George Gershwinen Girl crazy eta Pablo Lunaren El niño judio (I. Urkizuren moldaketekin).
Udaberriko zikloa, hurrengo ostiralean jarraipena izango du, maiatzak 26, 'Bidaia martxen artean' izeneko emanaldiarekin. Kasu honetan, Jose R. Pascual-Vilaplanak zuzenduko du kontzertua. Bilboko Udal Musika Bandako musikariek ekainean zehar jarraituko dute konposatzaile garaikideek eta gaur egungoek idatzitako lanez osaturiko programa berezia eskaintzen. Ekaineko kontzertuak 2an hasiko dira, 'Bidaia gure konpositoreekin' emanaldiarekin, 9an jarraituko dute 'Bidaia pertsona ospetsuekin' jardunarekin eta 'Bidaia zazpigarren artera' kontzertuarekin bukatuko dira ekainaren 16an.
Zuzendaria: Iñaki Urkizu Kerejeta
Beasaingo Udalaren Bandan hasi zen tronpeta jotzen, zortzi urterekin, familiaren tradizioari jarraituta. Handik Tolosako Udal Bandara pasatu zen eta han bakarlari jardun zen hamarkada batez. Donostiako Goi-mailako Kontserbatorioan egin zituen tronpeta-ikasketak Juan Manuel Gomez de Edeta irakaslearekin. Irakasle jardun da Beasain eta Tolosako musika-eskoletan, baita Arrasate Musicalen ere.
Instrumentista moduan Euskal Herriko talde askorekin elkarlanean aritu da. Horietako aipagarrienak hauexek: Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Arrasate Musical Orkestra Sinfonikoa, Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioko Banda Sinfonikoa, Donostiako Talde Barrokoa, Lattor metalezkoen boskotea, Araba Brass Taldea eta Gasteiz Big-Band; azken honetan, gainera, zuzendaria izan zen. Bakarlari moduan egindako lana ere aipagarria da, Benantzi Bilbao eta Aitor Olea organistekin, eskainitako organoaren eta tronpetaren kontzertuetan.
Banden munduan oso ezaguna da moldaketak eta transkripzioak egiteagatik eta musika-banda askok jaso ohi dituzte bere lanak programetan. Laurogeiko hamarkadatik aurrerako euskal musikaren bilduma bat prestatu du eta horien lehen hiru zenbakiak argitaratuta daude: Jaialdia, Dantzaldia eta Betikoskorri. Azken lan hori izenak, adierazten duenez, Oskorri folk-talde ezagunaren omenez egina.
Ertzaintzako Musika Bandako zuzendaria izan zen 1998tik eta banda horretan tronpeta-jole bakarlari-plaza ere izan zuen. 2006an Bilboko Udalaren Musika Bandaren zuzendariordearen postua jaso zuen. 800 kontzertutik gora zuzendu ditu eta bere batutapean CD bat grabatu da, Bergarako Orfeoiarekin batera, Jose Franco, Luis Aramburu, Jose M ª Gonzalez Bastida eta Juan Arzamendiren lanekin. Banda biekin zenbait CD grabatu ditu. Errepertoriorako egindako ekarpena ere handia da, egungo gai askoren hainbat bertsio eta moldaketa eginda, bandarentzat egokituta eta ezaugarri pedagogikoetara moldatuta.