Momentuz 40 taldek (alderdi politikoak, sindikatuak, elkarte ekologistak eta bestelakoak) egin dute bat plataforman. Aurkezpenean esan dutenez, premiazkotzat dute Bizkaiko Hondakinen Kudeaketarako Plan Integrala (BHKPI) berraztertzea. 2005ean jarri zen martxan plana eta 2016ra arteko iraupena du, baina ez da oraindik berritu.
Europako eta Espainiako Estatuko araudiekin bat datorren plana garatzeko beharra azpimarratu du plataforma sortu berriak. “Errausketak gero eta gehiago aldentzen gaitu Europako politiketatik; gaur egun Zabalgarbi da hondakinen murrizketa eta birziklapenerako oztoporik handiena”, adierazi dute.
BHKPI berriak erraustegia erabat baztertzea eskatu dute taldea aurkeztearekin batera zabaldutako manifestuan. Ahalik eta zabor gutxien sortzea, konpostatzea bultzatzea eta ontziak itzultzeko sistema eraginkorrak indarrean jartzea ere eskatu dute. Halaber, zabor tasen bidez gaikako bilketa saritu beharko litzatekeela esan dute.
“Hiritarrak ez dira erlaxatu, Unai Rementeria diputatu nagusiak esan duen moduan”, adierazi du Zero Zaborrek, “Errealitatea da ez dituztela eskura izan birziklatzeko beharrezkoak diren baliabideak”. Besteak beste, BHKPIk materia organikoaren bilketan lortutako emaitza kaskarrak azpimarratu dituzte: organikoaren %4,5 besterik ez biltzea aurreikusten zuen planak, “baina %1,1 baino ez da lortu”.
Testua: Argia - Unai Brea
[2017-05-15] Bizkia Zero Zabor: Bizkaian hondakin organiko gutxi jaso zen banatuta 2016an