'Guernica', artea edo mitoa?

uriola.eus 2017ko mai. 18a, 09:00

Alain Resnais eta Robert Hessensek 1950ean grabatutako 15 minutuko iraupena duen Guernica film laburra proiektatuko dute gaur Euskal Museoan Gernika 80 urte geroago zine zikloaren azken saioan. Ostean, 'Guernica', artea edo mitoa? solasaldia izango da. 

Euskal historiaren "zorigaiztoko gertakaria" izan zen 1937ko Gernikaren bornbardaketa. Bere 80. urteurrenean, lau saioko zine zikloa eta solasaldiak antolatuz Euskal Museoak omenaldia egin nahi izan die "1937. urtean Gernikako bonbardaketa bizi izan zuten pertsona guztiei".

Helburu horrekin maiatzaren 4an hasita Gernikako bonbardaketari buruzko "parerik gabeko" ikus-entzunezko filmak proiektatu dituzte. Saioetan hainbat gauza deskubritu ahal izan dira museoko arduradunen esanetan, besteak beste, ezbeharra gertatu osteko unean grabatutako irudiak, testigantzak, itxaropenezko mezuak, eta gaurko azken emanaldian Picassoren Guernica, Alain Resnais nazioarteko errealizadorearen ikuspuntutik.

Alain Resnaisek 1950ean errodatu zuen Guernica film laburra Robert Hessensekin batera. Gaur, frantsesezko jatorrizko bertsioan eskainiko dute gaztelaniazko azpitituluekin. 

Alberto Lopez Echevarrieta eta Carlos Bacigalupe kazetariak izango dira saioaren gidariak. Pelikula aurkeztu eta dokumentalaren ondorengoko solasaldia, Guernica, artea edo mitoa? galdera oinarri hartuta, zuzenduko dute. 

Sarrera doakoa izango da, leku-kopurua bete arte.

 

 

'Gernika 80 urte geroago' dokumental-hitzaldi zikloa 

Maiatzak 18 | 19:30 | Guernica, artea edo mitoa?

Guernica (Alain Resnais eta Robert Hessens, 1950 - 15 min) film laburraren proiekzioa. Frantsesezko jatorrizko bertsioa gaztelaniazko azpitituluekin.  

www.euskal-museoa.eus