Aurrena, eraikina aztertu eta, ondoren, badaezpadako segurtasun-neurriak hartuko dira. Berriro erabili daitezkeen elementuak kendu eta geltokia osatzen duten gainerakoak botatzeari ekingo zaio. Gehienbat altzairuzko zutabeekin eta habeekin eraikitako markesinen egitura modularreko estalki arina da. Gainera, partzelaren barruan platanondo bi daude, Lorazaintza Zerbitzuak lekuz aldatuko dituenak.
Geltokia botatzeko lanek dirauten bitartean ibilgailuen sarrera-irteerak Perez Galdos kaletik egingo dira. Seinalista batek antolatuko du ibilgailuen joan-etorria eta berak koordinatuko du zirkulazioa Gurtubay eta Perez Galdos kaleen arteko semaforoarekin.
Behin-behineko geltokia
Lehengo Termibusen eskaintzen ziren zerbitzuak behin-behineko geltokian eskaintzen dira orain. Geltoki hori alboko partzela batean dago, bidaiarien eta operadoreen premiei erantzuteko eta jasotzeko eta bilakaera-prozesu bete-betean dagoen inguruan kokatzeko, horrek berarekin dakartzan gorabeherekin. Lehengo Termibusak zituen zerbitzu berberak ditu geltokiak.
Garellanoko Geltoki Intermodal berria
Garellanoko geltoki intermodala errepideko garraioaren Bilboko eta Bizkaiko geltoki intermodala izango da, bertan elkartuko baitira tranbia, aldirietako trenak, Bizkaibusa, Bilbobusa, Metroa, taxiak eta autobusak. Horrez gain, Abandoko geltokiaren osagarri izango da, geltoki hori trenbideetako garraioko geltoki intermodala izango baita.