Ekainaren 5ean Hinka taldea izango da jardunaldiei hasiera emango diena 1615 ikuskizuna taularatuz. Otsaileko jardunaldietan bertan behera utzi zuten ikuskizun hau taldekide baten gaixotasuna zela eta.
Benoit Lamerain eta Maitena Duhalde musikari lapurtarrek sortu zuten Hinka. Euskal dantza tradizionaletik datoz eta 2012tik hona proiektu desberdinetan hartu dute parte. Matthieu Haramboure musikariak taldearekin bat egin zuenetik, hiru dira Hinka taldeko partaideak. Ekainaren 5eko saioan, Itxaro Bordaren poesia izango dute kantagai. Oraina eta iragana uztartzen dituzten olerkiak. Tartean, duela 400 urte euskal arrantzaleek Islandian bizi izandako gertakariak kontatuko dituzte.
Ekainaren 6an, Lucien Etxezaharreta kazetari eta idazleak eta Katixa Dolhare-Zaldunbide literaturan agregatu eta doktoreak %100 basque gaiari buruz ideia eta iritziak partekatuko dituzte. Euskalduntasunaren izatea edota euskalduntasunaren zigilua eta zilegitasuna aipagai izango dituzte, besteak beste.
Ekainaren 7an, Itxaro Borda idazle baionarrak Literatur hizkuntzaren hautua hitzaldia eskainiko du.
Hiru jarduera hauek Euskaltzaindiaren egoitzako areto nagusian izango dira 19:00etan.
Irakurtaldia
Ekainaren 8an, berriz, 8:00etatik aurrera Arriaga Antzokian Klasikoen X. Irakurtaldi jarraitua egitasmoaren baitan 400 bat pertsonak Itxaro Bordaren %100 basque liburua irakurriko dute txandaka. Bilbo Zaharra euskaltegiko kideek, euskal kultura zein gizarte, kirol, ekonomia edo politikako hainbat lagun ezagunekin batera, parte hartuko dute hamabi orduz luzatuko den etengabeko ekimenean.
Bilbo Zaharra Forumeko Jardunaldiak: %100 Basque
[2017-05-09] Itxaro Bordaren '%100 Basque' Bilbo Zaharra euskaltegiaren urteroko irakurraldian