Herritarrek liztor multzoak edo erlauntzak daudela ohartarazteko nora deitu izango dute

uriola.eus 2017ko mai. 18a, 08:50

Bero-boladak eta eguraldi ona etortzearekin batera –eguraldi onak liztorrak eta erleak ugaltzen ditu- Udalak telefono-zenbaki bat ipini du herritarrek Bilbon erletxeak edo liztor-multzoak atzematean horren abisua emateko: 94 410 56 52.

Iaz 'Vespa Velutina' izeneko asiar liztorraren sarrera handiak eragindako alarmaren aurrean esku hartzeko protokoloa antolatu zuen Bilbok. Aipatutako egoerak suhiltzaileen esku-hartzeen gehikuntza nabarmena eragin du azken urteotan, arlo honi dagokionez. Horregatik, herritarrek zuzenean ohartarazteko telefono bat jarri zuen Udalak.

Azken urteotan erlauntz eta liztor-multzoak kentzeko esku-hartzeek gehikuntza nabaria izan dute. 2014an 159 izan ziren, baina 2016an 464. Hori dela eta, Udalak esku hartzeko prozedura espezifikoa idatzi zuen, arlo honetan era koordinatu eta eraginkorrean lan egiteko.

Aurten, dagoeneko, suhiltzaileek 56 esku-hartze izan dituzte eta intsektu hauek zeudela ohartarazteko herritarren 39 dei jaso dituzte. 94 410 56 52 telefonoan intsektu hauei buruzko 238 dei egon dira. 150 telefono horretara egin zituzten. Telefonoa erabiltzeko moduan egon da 2016ko ekainetik aurrera.

'Vespa velutina' edo asiar liztorra izenarekin ezagutzen den espezieak egokitzeko eta ugaltzeko gaitasunarengatik sortutako kezka gorabehera, ez dakar pertsonen osasunerako berehalako arriskurik, norberak bakarrik kendu nahi dituenean izan ezik.

Hala ez egitea gomendatu dute, bai aurreko horiei dagokienez bai liztor arrunten kasuan ere, erreakzio alergikoak edo istripuak eragin ditzakeelako.

Hala, zuhurtziaz jokatzeko eta horrelako kabiak ikusitakoan haien berri emateko gonbidapena luzatzen die herritarrei Udalak. Horretarako beren-beregi jarritako 94 410 56 52 telefonora deitu dezakete.

'Vespa velutina' intsektu inbaditzailea da, bertako intsektu-espezie guztietan kalteak eragiten dituena, batez ere, erleen eta erlauntzen kasuan, hauexek baitira haien elikagai nagusiak. Hala ere, ez die kalte larririk eragiten pertsonei. Udaberrian alarmak pizten dira, besteak beste, 'Vespa velutinaren' kabi ugari agertzen direlako.

Bertoko erleak eta liztorrak detektatuz gero, batu eta erlezainei ematen zaizkie, haien ardura hartzeko.

Jarduteko protokoloa

Bilboko Udalak 2016ko ekainean abian jarri zuen erlauntzak eta liztorren kabiak kentzeko protokoloa, Bilboko suhiltzaileek 2015ean horregatik izan zituzten esku-hartzeak asko ugaritu zirelako. Kasu horietan esku-hartzeko beren-beregiko protokoloa idatzi zuen Udalak, modu koordinatuan eta eraginkorrean jarduteko.

Bilboko Suhiltzaileen Komunikazio Zentroa arduratuko da abisuak jasotzeaz erlauntzen edo liztorren kabiak daudenean -kasu bakoitzean prozedura desberdinak erabilita- eta hasiera batean emandako datuak erregistratuko ditu: kokapena, sarbidea, tamaina…

Ondoren, suhiltzaile-talde bat bertaratuko da informazio hori baloratu eta egiaztatzeko. Era berean, horiek hartzeko edo ezabatzeko erabili beharreko metodoa erabakiko du (behar izanez gero, adibidez, auto-eskailera erabiliko dute kabia 4 metrotik gora baldin badago edo bestela talde arrunt batek egin dezakeen). Normalean suhiltzaileek esku hartuko dute, betiere Banakako Babes Ekipoa jantzita (buzoa, botak, eskularruak eta eskafandra) eta segurtasun-neurriak ezarrita, hau da, ingurune hartan balizak eta babesak ipinita, beste inor sartzeko aukera eragotzita.

Halaber, bertara sartzeko zailtasun edo ezintasunarengatik intsektu-multzoa jaso edo ezabatu ezin denean (adibidez hiriguneetan edo arbolen goialdean kokatuta daudenetan), Bilboko Suhiltzaileek Udalaren Parke eta Lorategien Sekzioaren laguntza eskatuko dute, horretarako talde berezia dauka eta.

Kasu horietan, zuhaitzak igotzeko teknika erabili behar izango litzateke, tamaina handiko zuhaitzetan adarrak inausteko eta eramateko ere erabilitakoa. Eskaladan ezagutza handia duen espezialista batek egingo du, kirol praktikan erabiltzen denaren antzeko materiala erabilita: arnasak eta segurtasun-sokak, banakako babes ekipoarekin batera. Gainera, gutxienez behargin bik egon behar dute zuhaitzaren oinean, materiala igotzen eta kabia jaisten laguntzeko. Teknika honen bitartez, 25 metrotaraino dauden kabietara heldu eta kendu daitezke.