CETAren aurkako kontzentrazioa egingo dute Arriaga plazan

uriola.eus 2017ko mai. 18a, 16:26

Urtarrilean CETAren aurka egindako kontzentrazioa

Gaur berretsi dute Espainiako Kongresuan Europako Batasuna eta Kanadaren arteko merkataritza librerako akordioa. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta TTIP/CETA EZ! kanpainak deituta kontzentrazioa egingo dute gaur 19:00etan Arriaga plazan.

CETA, Ekonomia eta Merkataritza Akordio Orokorra, Europako Batasuna eta Kanadaren arteko merkataritza librerako akordioa da. Aurtengo otsailaren 15ean Europako Parlamentuak akordioa onartu zuen eta hurrengo pausua Europar Batasuneko herrialdeetako parlamentuek berrestea da.

Azken egunotan Madrilgo Diputatuen Kongresuan hitzarmenaren izenpetzearen inguruko eztabaida eman da eta gaur bertan berretsi dute akordioa, joan den ostegunean Kongresuak Unidos Podemos koalizioaren osotasunezko emendakina baztertu ostean. PP, PSOE, PNV, el PdeCat (lehengo Convergència) eta Ciudadanosen botoekin onartu da CETA Espainiako Kongresuan. Compromís, ERC eta EH Bilduk Unidos Podemosen osotasunezko emendakina babestu dute.

Gaur, maiatzak 18, CETAren aurkako kontzentrazioa egingo dute Arriaga plazan 19:00etan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta TTIP/CETA EZ! kanpainak deituta.

Horretaz gain, interneten "merkataritza libreko itunen aurkako borrokarako tresna" jarri dute martxan. www.ttipez.eus webgunean Eusko Legebiltzarreko zein Nafarroako Parlamentuko kideei "CETAren kontra egiteko eskatzeko eta eurekin harremanetan jartzeko" datuak eskegi dituzte. Izan ere, Autonomia Erkidegoek CETA onartzeko eskumenik ez badute ere, bertako alderdietako batzuk bultzatu dute CETAren onarpena Europar Batasunean zein Espainiar Parlamentuan, eta horregatik "erantzunkizun zuzena" daukatela salatu dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta TTIP/CETA EZ! kanpainak.