Hiru igogailu berri jarriko dituzte Santutxun eta Miribillan irisgarritasuna bermatzeko

uriola.eus 2017ko mai. 19a, 12:30

Hiru elementu mekaniko berri jarriko ditu Udalak hirian irisgarritasun unibertsala eskaintzeko. Santutxuko Laurencin Markesaren kaleko eta Miribillako Askatasuna etorbideko elementu mekanikoak dira. Azpiegitura bien aurrekontua 4,2 milioi eurokoa da eta Bilboko aukera-eremuen, baliabide mekanikoen eta irisgarritasunaren planak modu teknikoan definitutako lehentasunen barruan dago.

Santutxun igogailu inklinatu bi jarriko dituzte Cocherito de Bilbao eta Iturriaga kaleen arteko maila gainditzeko. Goiko igogailuak Iturriaga kalean izango du goiko geralekua eta Laurencin Markesaren eta Anselmo Guinea Margolariaren arteko bidegurutzera arte iritsiko da. Ibilbidearen erdialdean izango du geraleku bat, haurtzaindegiaren parean. 65 metroko ibilbidea eta 8,5 metroko maila gaindituko du.

Bestalde, beheko igogailua Anselmo Guinea Margolariaren kaleko zenbaki bakoitien aldean jarriko dute, Laurencin Markesaren kaleko bidegurutzean bertan, Cocherito de Bilbao kaleko bidegurutzeraino. 45 metro inguruko ibilbidea izango du 5 metrotik gorako desnibela gaindituta.

20 lagun sartzeko edukiera izango dute kabina biek. Igogailuek zaintza-sistema izango dute, ingurua denbora errealean ikusi ahal izateko, etengabeko elikadura-sistema, kabinaren barrualdearekin komunikatzeko sistema eta abar.

Horrez gain, konexioa hobetuko da Cocherito de Bilbao kalearen eta Circo Amateur del Club Deportivo kalearen bidez, lekuz aldatuta oinezkoen pasabideetako bat eta espaloia zabalduta umeen jolasgunea duen plazaren aldean, orain dagoen lorategi-gunea kenduta.

Laurencin Markesaren kaleko igogailuen lizitazioaren aurrekontua 2,6 milioi eurokoa da. Lanak egiteko epea, berriz, 12 hilabetekoa.

Elementu mekaniko inklinatu berria Miribillan

Aldi berean, Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailak igogailu inklinatua jarriko du Miribillako Askatasuna etorbidearen (Bilbao Arenaren hego-ekialdean) eta Juan Carlos Gortazar kalearen artean. Igogailuak 54 metroko ibilbidea izango du, 31 metrotik gorako altuera gaindituta. Bi geraleku izango ditu; goiko aldean Juan Carlos Gortazar kalean eta beheko aldean Askatasuna etorbidean. Igogailua orain dagoen mendi-hegalean jarriko da eta, obrak amaitu ondoren, egokitu egingo dira sortuko diren ezpondak. Ibilbide alternatibo irisgarria ere egingo da, orain artekoa aldatu gabe.

Kabinak 20 lagunentzako lekua izango du. Igogailuak zaintza-sistema izango du, ingurua denbora errealean ikusi ahal izateko, etengabeko elikadura-sistema, kabinaren barrualdearekin komunikatzeko sistema eta abar.

Igogailuaren lizitazioaren aurrekontua 1,5 milioi eurokoa izango da. Lanak amaitzeko epea, berriz, 10 hilabetekoa.