Artxandako funikularrak doako bisita gidatuak eskainiko ditu larunbatetan

uriola.eus 2017ko mai. 22a, 10:00

Interesatuta dauden pertsonek erreserba egin beharko dute aurretik 010 / 94 401 00 10 udal telefono zenbakian (08:00etatik 20:00etara).

Artxandako funikularrak doako bisita gidatuak –euskaraz eta gaztelaniaz– eskaintzen ditu larunbat guztietan, goizeko 11:30ean, bere unean ingeniaritzaren alorrean erreferentea izan zen instalazio berezi horren sekretuak, bitxikeriak eta anekdotak herritarrei ezagutarazteko. Dagoeneko posible da plazak erreserbatzea 010 / 94 401 00 10 udal telefono zenbakian.

XIX. mendearen amaieran, bilbotar askok aisiarako eta ondo pasatzeko leku gisa erabiltzen zuten Artxanda mendia. Inguru hartan kasino bat eta hainbat txakolindegi sortu ziren, jendeak bere aisiaz goza zezan. Hori dela eta, XX. mendearen hasieratik, baloratu egin zen Bernardo Jimenezek, hiriaren erdialdea Artxanda mendiarekin lotuko zuen kremailera tren bat eraikitzeko, prestatutako proiektua.

Ekimen horrek ez zuen aurrera egin, finantzaketa faltaren ondorioz, baina pixka bat geroago, 1915ean, Evaristo San Martin y Garazen proiektua onetsi zuten. Makineria, horrelako mendiko trenetan espezialista zen enpresa suitzar batek diseinatu zuen, eta 488.407,30 pezetako inbertsioa behar izan zen, gaur egungo 2.935,39 euro, hain zuzen ere. Horrela, 1915eko urriaren 7an funikularrak lehenengo bidaia egin zuen, Benito Marco Gardoqui Hiriko alkate zela. 

Gerra Zibilean Bilbok jasan zuen setioan, trenbideak eta goiko geltokia bonbardatu zituzten eta, ondorioz zerbitzua eten egin behar izan zen, 1938ko uztailaren 18an, Mariano del Corralen proiektuan oinarrituz egindako behin behineko konponketa lanei esker, berriro ere zerbitzua ematen hasi ahal izan zen arte. 1976ko ekainaren 25ean, hainbat langile zauritu zituen istripua gertatu zen, eta, ondorioz, zerbitzua eten egin zen denbora luzez. 

Horrela, zazpi urtez geldik egon ostean, 1983an goitik behera berriztatu ziren instalazio guztiak, trenbideak, kotxeak eta geltokiak, eta urte horretako apirilaren 30ean inauguratu zen berriro. Goiko geltokian, eraikuntza eta muntaketa lan guztiak erakusten dituzten argazkiak daude. Zoritxarrez, urte horretako udan izandako uholde larriek funikularrean ere izan zuten eragina. Ur, lokatz eta harkaitz asko erori ziren beheko geltokira, eta horrek guztiak hartutako altuera nasaraino eta kotxeen erdiraino heltzen zen. 

Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, larunbatetan, goizeko 11:30ean (Topalekua: Funikularraren plaza). Talde bakoitzak 30 pertsona jaso ahal izango ditu gehienez ere eta, ondorioz, auretik erreserba egin beharko da 010 / 94 401 00 10 udal telefono zenbakian (08:00etatik 20:00etara).