Kalean jai giroan babestu dute La Posada de los Abrazos elkartearen lana

uriola.eus 2017ko mai. 22a, 12:56

Argazkiak: Mar de Fueguitos‏ @fueguitosalamar

Bazterketa egoeran dauden emakumeei laguntza ematen dien La Posada de los Abrazos elkarteak Maria Muñoz kalean, Muga tabernaren laguntzarekin, kontzertuak antolatu zituen atzo bermut orduan. 

Erantzun "oso ona" izan zuen atzoko Bermu Laguntza ekimenak La Posada de los Abrazos-Besarkatuz elkarteko Jabi Sierraren arabera. "Jende piloa" hurbildu zen eguerditik aurrera Maria Muñoz kalera, Muga tabernaren parean elkarteak antolatutako kontzertu bikoitzera. 

2004tik San Frantzisko auzoan bazterketa egoeran dauden emakumeei aterpea (bi etxebizitzetan), informazio eta orientazio zerbitzua ematen die elkarteak. Bermu Laguntza ekimenaren helburua elkartearen lana "kalera ateratzea" izan da, jendeak "ezagut dezan". Urtean 100 emakume ingururi arreta eskaintzen diote elkartekideek eta, San Frantziskoko elkarteen koordinadoran ez ezik beste plataforma batzutan ere parte hartzen dute, esaterako, "gizarte laguntzen murrizken aurkako politikak salatzeko". 

Musika ez zen falta izan atzokoan. Ezta eguzkiaren berotasuna ere. Horregatik Maria Muñoz kalera bertaratu ziren lagunek Muga tabernan edari eta freskagarri bat baino gehiago hartu behar izan zuten. Barran atzo jasotako dirua elkartera bideratuko dute. 

Aurre begira, La Posada de los Abrazos-Besarkatuz elkarteko kideek bazterketan daudenei laguntzen, erakundeen aurrean bazterketa kasuak salatzen eta helburu bera duten kolektiboekin saretzen jarraituko dute. 

 

facebook.com/Posada-de-los-abrazos

www.laposadadelosabrazos.net