Armak zamatzeari uko egin zion suhiltzaile kontzientzia eragozleari babesa

uriola.eus 2017ko mai. 26a, 09:39

Gaur deklaratuko du Saudi Arabia helmuga zuen lehergailuz betetako itsasontzi bat prestatzen laguntzeari uko egin zion Bilboko suhiltzaileak. Bizkaiko Foru Aldundiak lau urte arteko kargugabetzea ezarri nahi dio. Elkarretartzea deitu du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Ignacio Robles suhiltzaileari babesa emateko. 

Bizkaitik bonbarik ez! lelopean elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dio jendarteari Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak. Ignacio Robles "suhiltzaile kontzientzia eragozlea babesteko". Hitzordua eguerdian izango da Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzaren aurrean, Hurtado de Amezaga kaleko 6. zenbakian.

Joan den martxoaren 13an Bilboko Portutik Itsaso Gorrirantz abiatu behar zen ontzi batean segurtasun laguntzaile moduan egoteko agindu zioten, eta Ignacio Robles suhiltzaileak ezetz esan zuen: "Saudi Arabiarentzako lehergailuak zirela jakin nuenean, ez nuen onartu".

Bizkaiko Foru Aldundiak espediente bat ireki zion, "bere funtzioak ez betetzeagatik", eta bi eta lau urte arteko kargugabetzea ezar diezaiokete. 

Change.org plataforman babes kanpaina bat abiarazi zuten 'Saudi Arabiarentzako armen salmentan parte hartu ez duen suhiltzailea babes dezagun' kanpainak hiru egunetan 70.000 sinadura jaso zituen. Egun, 166.000 sinaduratik gora bildu ditu. 

[2017-04-07] Bilboko portuan lehergailuak kargatzeari uko egin zion suhiltzailearen aldeko babesak ez du etenik

[2017-04-03] Saudi Arabiarentzako arma bidalketan parte hartzeari uko egin dio suhiltzaile batek Bilbon