Bizkaitik bonbarik ez! lelopean elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dio jendarteari Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak. Ignacio Robles "suhiltzaile kontzientzia eragozlea babesteko". Hitzordua eguerdian izango da Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzaren aurrean, Hurtado de Amezaga kaleko 6. zenbakian.
Joan den martxoaren 13an Bilboko Portutik Itsaso Gorrirantz abiatu behar zen ontzi batean segurtasun laguntzaile moduan egoteko agindu zioten, eta Ignacio Robles suhiltzaileak ezetz esan zuen: "Saudi Arabiarentzako lehergailuak zirela jakin nuenean, ez nuen onartu".
Bizkaiko Foru Aldundiak espediente bat ireki zion, "bere funtzioak ez betetzeagatik", eta bi eta lau urte arteko kargugabetzea ezar diezaiokete.
Change.org plataforman babes kanpaina bat abiarazi zuten 'Saudi Arabiarentzako armen salmentan parte hartu ez duen suhiltzailea babes dezagun' kanpainak hiru egunetan 70.000 sinadura jaso zituen. Egun, 166.000 sinaduratik gora bildu ditu.