Elastiko beltza jantzita "errespetua" aldarrikatuko dute txirrindulariek

uriola.eus 2017ko mai. 26a, 13:09
Argazkia: Biziz Bizi

Txirrindularien heriotzak, oraindik, "eguneroko errealitatea dira", eta azken asteotako heriotzek txirrindularien artean "beldurra areagotu" dutela salatu dute Biziz Bizi elkarteko kideek. Bizikleta gainean dabiltzanentzat "errespetua" eskatzeko, beste txirrindularitza elkarte batzuekin batera elkarretaratzea egingo dute Bilboko Udaletxe aurrean igandean elastiko beltza jantzita. 

Azken hamarkadan 400 baino gehiago izan dira txirrindularien heriotzak espainiar Estatuan Biziz Bizi elkarteak jakitera eman duenez. Oso epe laburrean, hiru txirrindulari hil eta hainbat zauritu dira Valentzian, Las Palmasen, Extremaduran eta Tarragonan, besteak beste. Gertakari hauen aurrean errepideko heriotz istripuek eragiten zuten etsipen kolektiboa "leundu" egin da. Txirrindularien elkarteen arabera tarte honetan, "inpunitatearen arriskua handitu" egin da, gidari "arduragabeen" ekintzek, erabaki judizial "ulergaitzen" ondorioz, "doako hilketak" ahalbidetu dituztelako. 

Horregatik "hainbat arlotan" irtenbideak eskatu dizkiete elkarteek erakundeei: "Azpiegiturak egokitu, erantzukizun penala errebisatu eta hezkuntza, bolantean dagoenarena, zein txirrindulariak izango direnen hezkuntza", alegia. Azken kasu honetan, formakuntzak lehenago hasi behar duela pentsatzen dute: "Heziketa planetan txirrindularientzako Bide-hezkuntza sartu behar da. Geroko txirrindulariak ahaldundu eta galtzada edota errepidea okupatzeko eskubideaz kontzientziatu behar ditugu", diote.

Jakin badakite txirrindulariek eurek ere akatsak egiten dituztela eta zer hobetua eta zer ikasia badutela. "Errepidean horrelako istripurik berriro gerta ez dadin, gure ahultasuna ulertu eta hortik gure espazioa kontu handiz errespetatu behar da. Horrela izatea zure esku dago".

Bizkaiko Txirrindularitza Federazioaren "gelditasuna gorabehera", elastiko beltza jantzita mobilizatzera deitu dituzte Bilboaldeko txirrindulariak igande honetan, hilak 28, 13:00etan, Bilboko Udaletxe aurrean. 

Ekimen honen deitzaileak dira Biziz Bizi Bilboko Hiri-Txirrindularien Elkarteak, Zorribike MTB Taldea, Unión Ciclista Erandio, Hondarmendi T.K eta Sociedad Ciclista Barakaldesa.