Argi dago irudi txar hau Francoren garaipenaren oroimenerako oroitarri nagusienetako bat izan dela Bilbon. Berau izan da gain horretatik 1976 urtera arte erregimenak Moyua plazan, tankez eta hegazkinez lagunduriko desfileen artean, ospatzen zuen kanpaina meza presiditzen zuena. 80 urte behar izan dira ikur frankistari akabera emateko.
Hasi dira aldamioak altxatzen Zerga-Agentziako gainera lan hori burutzeko. Dirudienez, hiru hilabetetan jardungo dira, baina ez dute armarri osoa kenduko; bakarrik irudia nagusitzen duen arranoa kenduko diote, askok oilaskotzat iraintzen duena: bere buru koroatua, hegal eta atzaparrak, eta burutzen duen glosa. Aurrerantzean baliteke aurrean duen Gobernu Zibilaren egoitza bakartiago sentitzea eta aldez beste, Euskal Gobernuaren egoitza izaniko Carlton hotela, erosoago.
Oraindik hainbeste monumentu eta izen gelditzen dira garbitu beharrekoak Bizkaian. Aginteen akorduz bota berria da italiar tropak Sollube gainean beren garaipenaren oroipentzat altxatako gurutzea; hain zuzen, mendia bozinero zen egunean. Ea Bizkaia osoan tinko zabaltzen den aldarri hori.
Urrutira gabe, Santo Domingo gainean, Artxandarako bidean Egirletako bihurgunean, -diotenez, berau zen Sto. Domingoren lehen izena-, beste monumentu frankista bikain bat topatu dugu, Jaurlaritzaren aginduriko liburuetan agertzen ez dena. Luzeran hamar bat metrokoa, goian laureada eskudoa dakarrena bi arranorekin, 1937 eta 1873 datak adieraziz. Tontortxo batean dago, nahiko ezkutuan, eskaileraz lagunduta, ondo zaindutako belardi, hesi eta zuhaitz artean, Udalaren ardurapean, noski. Ez zuen Udalak alperrik jarri 1971n ur-bonba ekipoa, gune hori behar bezala zaintzeko, ondo zaindua ere, alajaina!
Hau horrela delarik, ekainaren 18 igandean, urtero legez ospatuko da Artxanda gainean gudari eta milizianoen oroimen eta gorazarrea La Huella gunean. Kilometro baten aldea egongo da honetatik beste monumentura. Gogora behar, nola ez, Memoria Historikoaren legeak zer agintzen duen honetaz. Egun horretan, La Huellara aurretik, bertan izango gara memoria berreskuratzeko taldeak oroitarria salatzen. Bitartean Bilboko aginteak erabakiren bat hartzen ez badute, Artxanda osoan nabariko da Egirletako monumentu faxistak gure bizkarretik egingo duen barre algara.
Bilbo, 2017ko maiatzaren 27a.
Juan Mari Zulaika, Goldatu elkarteko kidea