Open House Nazioarteko Jaialdia ospatuko dute aurrenekoz Bilbon

uriola.eus 2017ko mai. 30a, 08:30

Herritarrak uriaren arkitekturaz, hirigintzaz eta historiaz blai daitezen publikoarentzat itxita egoten diren 40 eraikin baino gehiagok ateak zabalduko dituzte irailaren 23an eta 24an. 

Bilbok bat egin du Open House nazioarteko ekimenarekin. Arkitektura eta kultura uztartzen dituen jaialdia da, 48 orduz eta dohainik ateak zabaltzen dituena normalean herritarrentzat itxita egoten diren edo jendeak ezagutzen ez dituen eraikin eta espazio interesgarriak. Irailaren 23an eta 24an egingo da eta ekimenaren asmoa da uria eta eztabaida zabaltzea herritarren artean. Eraikin bakoitzak ahal duen ordutegia jarriko du barrutik ikusteko eta bereizgarria izango dute kanpoko aldean eta boluntarioek sarrerak kontrolatu eta informazioa emango dute. Eraikin bakoitzeko 20-30 minutuko bisitaldi gidatuak izango dira, 25 pertsona inguruko taldeetan banatuta. Eraikin gehienak bisitatzeko ez da izenik eman behar, nahikoa izango da bertara hurbiltzea eta txanda izan arte itxarotea.

Hona hemen ekimenean parte hartuko duten eraikinen behin-behineko zerrenda:

Chávarri jauregia, 1894. A. de Anduiza, P. Hankar.

Ibaigane jauregia, 1900. G. Ibarreche.

Bailen kaleko etxe-orratza, 1946. J.M. Chapa, M.I. Galindez.

Meliá hotela, 2003. R. Legorreta, TDM, Aurteneche&Pérez-Iriondo.

Iberdrola dorrea, 2011. C. Pelli, Ortiz-León.

Bidebarrietako Udal Liburutegia, 1890. S. Achúcarro

Auzo Factory Matiko, 2013. Suárez & Santas

Udaltzainen eta suhiltzaileen egoitza, 2012. Coll Barreu

Harino Panadera, 1902. Mario Camiña/ Fidel Urrutia.

Azkuna Zentroa. 1909/ 2010. R. Bastida / P. Stark

Arriaga Antzokia, 1885-1890. J. de Ruciba

Arte Ederren Museoa, 1945/1970/2002. F. Urrutia, G. Cárdenas/A. Libano/L.M. Uruarte, P Basáñez.

Olabarri Jauregia, 1894. J. de Zubizarreta.

Bizkaia Aretoa, 2010. A. Siza, R. Losada.

Euskadiko Artxibo Historikoa, 2013. G. Carro, IDOM

IDOMen egoitza, 2011. J. Pérez Uribarri, IDOM 

 

Boluntario bila

Boluntarioei esker gauzatzen da Open House, eraikinetako bisitaldiak boluntarioen laguntzari esker egiten dira, sarrera eta bisitaldiak kontrolatzen baitituzte. Euskal Herriko, Deustuko eta Nafarroako unibertsitateekin lankidetzan ari dira, ikasleek modu aktiboan parte har dezaten, Bilboko arkitekturari eta hiri buruzko ikasketa-planak eta tailerrak sortuz. Ikasle ez direnak ere izan daitezke boluntario, arkitekturako ezaguerak izan ala ez, baldintza bakarrak ekimenean parte hartu nahi izatea eta motibazioa izatea dira. Halaber, ez da beharrezkoa egun bietan boluntario izatea, nahikoa da egun bat edo egun erdi bat eskaintzea.

Jaialdian boluntario aritu nahi dutenek harremanetan jarri behar dute jaialdiaren antolatzaileekin, boluntario@openhousebilbao.org helbide elektronikoan edota www.openhousebilbao.org webgunean.

 

Open House nazioartean

1992an egin zen aurrenekoz Londresen herritarren artean eraikin horietako diseinuaren eta arkitekturaren presentzia sustatzeko. Urteetan zehar jaialdia beste hiri batzuetara ere zabaldu da, gaur egun, 30 hiritan baino gehiagotan egiten da jaialdia, besteak beste, New York-en, Helsinkin, Bartzelonan eta Melbournen. Hirien Open House sarea, elkarrengandik ikasteko eta lankidetzan jarduteko parte hartzen duten hirien artean sinergiak sortzeko aukera ematen du. Sarea 750.000 pertsonengana iristen da mundu osoan, arkitekturako nazioarteko edozein jaialdik baino partaide gehiago ditu.