Munduan garaien dagoen itsasargia Mendi Film jaialdiko irudi

uriola.eus 2017ko eka. 1a, 08:00

Argazkia: Bilbao Mendi Film Festival

Christoph Jorda argazkilari alemaniarraren The Lighthouse da abenduaren 8tik 17ra egingo den Bilbao Mendi Film Festivalaren 10. edizioko irudia.

Hala erabaki du 3. CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketako epaimahaiak, Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak antolatzen duen lehiaketa.

Hain zuzen, Donostiako Antzoki Zaharrean egin den CVCEPHOTO sari banaketa ekitaldian bertan irudikatu dute sari ematea BMFF-eko zuzendari Jabier Baraiazarrak eta Christoph Jordak berak.

The Lighthouse argazkian munduan garaien dagoen itsasargia da ardatza. Suitzako Alpeetako Overalp Pass mendi lepoan 2.046 metrora dago kokatua, Rin ibaiaren jaiotza eremuan, eta ingurua promozionatzeko eraiki zuten bertan. Europako ibai esanguratsua da Rin, nabigaziorako eta garraiorako erabiliena, eta Suitza, Liechtenstein, Austria, Alemania eta Frantzia gurutzatzen ditu Herbeheretan itsasoratu aurretik.

Christoph Jordaren esanetan, The Lighthouse argazkia Suitzako alpeetan Alemaniako Salomon Freeski taldearekin astebeko egonaldian atera zuen. "Zoritxarrez eguraldia oso kaxkarra izan zen, eta elur jausi arriskua handia zen", gogoan du. Egoerari buelta emateko "sormena erabiltzea" pentsatu zuen. Argazkia lortu ahal izateko, sei lagunek egun oso bat behar izan zuten jauzi egiteko arranpla bat, lur hartzeko gunea eta abiadura hartzekoa eraikitzeko. Hiru Profoto B1 flasburu paratu zituen Jordak, bi itsasargi barruan, eta bestea haren atzealdean. "Jauzia oso arriskutsua zen, haizeak indartsu jotzen baitzuen eta ikusmena urria baitzen". Eskiatzailea Sebastian Scheck 22 urteko alemaniarra da.

Argazkia: Bilbao Mendi Film Festival - Christoph Jorda