Mendian nabilela beldur diet amildegiei eta ihintzak bustitako bidezidor irristakorrei, itsasoan berriz hondo beltzak irentsiko nauelakoan edo kostata aldentzen naiz areatzetik, gela ilun eta ezezagunetan ikarak esnatzen nau gauerditan, toki bakartiak sahiesten saiatzen naiz, inoiz ez ditut ikusten hiltzaile odolzaleak protagonista dituzten filmak eta, noski, heriotzaren itzalak ez nau batere lasaitzen. Baina bada beste guztiei gailentzen zaien beldurra: minari diodana; min fisikoari baina batez ere bihotz minari, maite dituzunen heriotzak edo sufrimenduak eragiten dizuten oinaze itogarriari diot beldurra.
Egunotan buruan dibilkidan galdera da: aita-ama, seme-alaba, senide edo laguna indarrez galdu dutenek nola eusten diote bizitzeari? Nolakoa da aurrera egiten jarraitzeko barrenetik sortzen zaien kemena? Indarrez eragindako heriotzaren astindutik osorik atera diren bi protagonisten istorioak entzun ditut errenkadan berriki, duela hainbat hamarkada gertatutakoak biak, bata Ortuellan bestea Portugaleten.
Guardia zibilak botatako balek hil zuten Ortuellan amnistiaren aldeko mobilizazio istilutsu eta arriskutsuetan Manuelaren aita, 1977ko maiatzean. Ez zen hildako bakarra izan baina Manuelaren aita bakarra zen. Hiltzailea ere herrikoa zen, eta jakina zen arren, horrela geratu ziren kontuak. Manuelak bazekien nork hil zion aita; hark ere bazekien nori eman zion tiroa. Manuelak hainbat urte itxaron behar izan zituen barruko arra askatu baino lehen. Eguna heldu zen, aitaren hiltzailea zenduta zegoen eta haren zerraldoaren aurrera agertu zen barruko minak askatzeko.
Hogei urte beranduago, 1997ko apirilean, Portugaleten gazte batzuk sozialisten herriko etxearen kontra suzko koktelez eraso egin zuten. Bi hildako eragin zituen erasoak, horien artean Ivanen ama. Ivanek futbol zelaian ikusten du hainbat igandetan amaren hiltzaileetako bat eta bere semea amona erre zionaren semearekin aritzen da olgetan udal igerilekuan. Aita biek badakite elkarren berri, bion begiradak gurutzatzen direnean.
Umeak ziren gure bi protagonistak batek ama eta besteak aita galdu zituztenean. Guztia kontra izan duten arren, euren bizitza eraikitzeko gai izan diren gizon emakume helduak dira gaur egun. Eta askorentzat eredu. Gure artean gertatutakoaren kontakizunari ekin diogun honetan zintzo eta garbi jokatu beharko luke gure gizarteak; benetan sufritu dutenen sentimentuei errespetuz erreparatuz. Haien mina geurea eginez.