Argiz marraztutako lehenengo estropada argiztatuko du Gau Zuriak itsasadarrean

uriola.eus 2017ko eka. 16a, 12:00

Iturria: Bilbao700

Euskal tradiziorik errotuenetako bat irudikatuko du Gau Zuriak Bilbon gaur uriko fundazioaren 717. urteurrena gogoratzeko. Begiak txunditzeko eta bizarrak zutik jartzeko moduko egitarau zabalarekin dator, non, eraikin argiztatuak, labirinto argikorrak, lore-instalazio eta baso argidunak ere izango diren.

Bilbao 700 Fundazioak hiria fundatu zeneko urteurrenaren harira Gau Zuria ospatuko du gaur. Hiriburua dotore jarriko da bere 717. urtebetetzea ospatzeko, 20:30ean hasi eta 02:30era arte, jardueraz betetako gau magikoaz gozatzeko aukera izango dute bilbotarrek. Aurreko edizioetako antzerki, dantza eta eraikin argiztatuetaz aparte, oraingoan, labirinto argikorrak, irudi dinamikoen sekuentziak, lore-instalazio, baso argidunak eta itsasadarrean argiztatutako estropada ere ikusteko eta gozatzeko parada luzatuko zaie botxeroei.

Bilboko itsasadarrak ere bat egingo du gaur Zubizuriko argien, koloreen eta soinuen ikuskizunarekin. Udaletxeko zubian argiekin 12na metroko traineru bi egingo dira 22:30etik aurrera. Traineru bakoitza modu mekanikoan mugituko da estropada irudikatuz, zein bere erritmora. Gainera, Areatzako aterpeetan argizko labirintoa egingo da eta Abandoibarrako pasealekuan loreen instalazioak jarriko dira. Euskadi plaza argizko baso bihurtuko da, kolorez aldatzen duten argi-haloek animaturiko ihiekin eta enborrekin. Iberdrola dorrearen barrualdean argizko instalazioa egongo da zuzeneko musika klasikoak lagunduta eta udaletxeko zubian estropada berezia egingo da Bilbao Bizkaia Ur partzuergoaren eskutik.

 

Egitaraua eta informazio gehiago hemen.