Presoen sakabanaketa politikak urteko seigarren istripua eragin du Zaragozan

uriola.eus 2017ko eka. 5a, 09:42

Asier Ormazabal presoari Teruelgo espetxean bisita egin ostean bi lagunek auto istripu larria izan dute. Etxeratek bihar Arriagan elkarretaratzea deitu du ezbeharra salatzeko.

Etxerat plataformak salatu duenez, larunbatean Asier Ormazabal presoaren bi lagunek istripu larria izan dute presoari bisita egin eta etxera bueltatzen zihoazela. Biak zauri larriekin ospitaleratu behar izan zituzten.

Etxeratek bere webgunean aditzera eman duenez, prentsaurrekoa egingo du hurrengo asteazkenean dispertsio politikak ezartzen dituen arriskuak denuntziatzeko eta errepresaliatuen egoeraren inguruan urrats sendo bat emateko inplikazioa eskatzeko. Horrez gain, istripua salatzeko eta istripuaren biktimen senideei elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak deitu ditu Hego Euskal Herriko 4 hiriburuetan:

Bilbo: asteartea, ekainak 6, 19:00etan, Arriagan.

Iruñea: astelehena, ekainak 5, 20:00etan, Alderdi Popularraren egoitza parean

Gasteiz: asteartea, ekainak 6, 19:30etan, Andra Mari Zuriaren plazan

Donostia: asteazkena, ekainak 7, 19:00etan, Benta Berri plazan (Antigua).