Indarkeria sexista

Emakumeen aurkako bi eraso izan dira asteburuan Bilbon

uriola.eus 2017ko eka. 5a, 16:11

Genero indarkeriarekin lotutako erasoak egiteagatik bi gizonezko atxilotu zituen atzo, igandea, Ertzaintzak Bilbon. 

Lehen atxilotua 25 urteko gaztea da. Igande goizaldean, 6:30ean, Ercilla kalean bere neska-laguna ez ezik istiluen lekuko izan ziren bi lagun ere jo zituen gazteak. Bera jarrera leporatu eta neska-laguna baketan uzteko eskatu ziotenean erasotuak izan ziren. Azkenik lagun talde batek lortu zuen erasotzailea gelditzea kalez jantzitako ertzain bat agertu zen arte. Ertzaintzaren patruilak eraman zuen atxilotuta gaztea ustez genero indarkeria erasoa egiteagatik eta lesioak eragiteagatik.  

Bigarren atxilotua 32 urteko gizon bat da. Bikotekide ohia jo eta aizto batekin mehatxu egitea leporatzen dio Ertzaintzak. Gizonak emakumearekiko urruntze-agindua zuen. Igandean, 23:44ak aldera, jaso zuen Ertzaintzak eraso horren berri. Antza denez, gizonak urruntze-agindua urratu eta bikotekide ohiaren etxean sartu zen. Emakumea iraindu ondoren, iletik hartu eta aurpegian ukabilkada bat eman zion. Jarraian, sukaldean sartu zen, eta, aizto bat eskuan zuela, bikotekide ohiari mehatxu egin zion. Kalez jantzitako ertzainen patruila batek ospitalera eraman zuen emakumezkoa, gizonak egindako zauriak sendatzeko.

 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.