Presoen eskubideen alde '0 Km' kanpaina jarri du martxan Sarek

uriola.eus 2017ko eka. 6a, 18:08

Dispertsio politikak presoei eragiten dien eskubide urraketak denuntziatzeko mobilizaziora deitu du Sarek ekainaren 17an Donostian 0 Km lelopean.

Sare herri dinamikak agerraldia egin du gaur goizean La Bolsa eraikinean euskal presoek bizi duten egoera salatzeko. Espainiar Estatuaren eta epaileen jarrera kritikatu du eta horiek ahalbidetzen duten "giza eskubideen urraketen arduragabekeria" gogor errefusatu du. Lantaldearen ustez, 2011ko ETAren su etena eta aurtengo apirilaren 8ko armagabetzea ondoren, egun indarrean jarraitzen duen dispertsio politikak "ez du zentzurik".

Ekainaren 15ean hiru urte beteko ditu Sare herri dinamikak. "Badakigu bide luzea izango dela", esan dute agerraldian Joseba Azkarraga eta Bego Atxa bozeramaileek, baita baikor eta indartsu daudela adierazi ere. Ildo horretan, ekainaren 17an 0 Km lelopean Donostian antolatuko duten ekitaldietan parte hartzera deitu dute euskal gizarte osoa, "ideologia alde batera utzita", Espainiar Gobernu eta Justiziaren "mehatxu eta txantaiak ekiditen jarraitzeko". Ekintzok jai giroan gauzatuko direla aurreratu dute. 

 

0 Km

Sare herri dinamikaren 0 Km kanpainak lau eskaera zehatz barnebiltzen ditu: "Euskal preso, exiliatu eta deportatuak etxeratzea; gaixo dauden presoak bizirik etxeratzea, salbuespenezko legedi guztiari amaiera ematea eta benetako bakearen alde aurrera egiten jarraitzea".