Serbia eta Kroaziako mugatik "larrialdi deia" zabaldu dute bi euskal boluntariok

uriola.eus 2017ko eka. 6a, 17:59

Arg: Halabedi Irratia

Jipoiak, lapurretak, bortxaketa mehatxuak… horiek dira errefuxiatuek Kroaziako poliziarengandik egunero jasotzen dituzten tratuak, bi boluntariok salatutakoaren arabera. Egoera salatzeko eta ikustarazteko laguntza eskatu dute, kazetariei dei berezia eginez.

 

Isabel Rodriguez Bilbokoa da, eta maiatzetik dago Serbian, Kroaziarako muga gurutzatu nahi duten errefuxiatuei laguntzen. Silvia Arrastia Tuterakoa da eta urtarriletik dago Serbian. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak zabaldutako mezuaren bitartez, errefuxiatuek jasaten dituzten tratu txarrak eta bortizkeria salatu dituzte.

Errefuxiatuen kanpamentuetako eguneroko egoera "oso larria" dela azaldu dute. Baldintzak berez gogorrak izateaz gain, askotan poliziaren lapurretak, ordu txikitako identifikazioak, errefuxiatuak kotxeetan Serbiara eramatea, mehatxuak, jazarpena... jasan behar izaten dituztela azaldu dute bi bolondresek.

Egoera salatzeko eta ikustarazteko laguntza eskatu dute, eta kazetariei Serbia eta Kroaziaren arteko mugara gerturatzeko dei berezia egin diete.