Indarkeria matxista mota ororen aurka

Irudia: egk.eus

Bi gizon izan dira atxilotuak Bilbon azken bi egun hauetan. Bata igandean bikote ohia mehatxatu eta erasotzeagatik. Gizonak jada urruntze-agindua zuen, baina hau ez da nahikoa izan eta emakume gaztearen ongizatea berriro ere arriskuan ezarri da. Bestea atxilotua izan zen, astelehen goizean bere bikotea jotzeagatik kale erdian. Bigarren erasoaren kasuan kalean zeuden beste pertsona batzuk eten zuten, beraiek ere erasotuak izanik.

Hau esanda, EGK-k lehenik eta behin bere elkartasuna adierazi nahi die erasotuak izan diren emakumeei, hala nola, bere salaketa egiteko ausardia txalotu. Era berean, egoera hauetan laguntzarako prestutasuna erakutsi duten pertsonen jarrera ere txalotu nahi du.

Gogorarazi nahi dugu 1/2004 Legeak Genero Indarkeria moduan ulertzen ez dituen kasuak daudela. Hau dela eta, aldarrikatzen dugu emakume izanagatik bizi ditugun gure ongizatearen aurkako eraso guztiak izan beharko liratekeela genero indarkeria bezala ulertuak. Emakume erasotu baten eta beste baten arteko desberdintasunik egin gabe.

Oraindik ere gazterian hain larri eta latza den indarkeria matxista ematea guztiz onartezina deritzo Kontseiluak eta honen aurka egitea guztion erantzukizuna dela gogorarazi nahi du.

Indarkeria matxista berdintasunean oinarritutako gizarte bat eraikitzeko zailtasunetako bat da. Gainera, indarkeria hau edozein adin edota motatako pertsonek bizi dezakete. Tamalez, baita gazteok ere.

Beti ez dira gazteak erasotzaile eta biktimak, baina bai egia dela egun oraindik ere badaudela indarkeria egoerei aurre egin behar dieten emakume gazteak. Baita gizon gazteak erasotzaileen artean ere. Hau dela eta, berebiziko garrantzia du Euskadin oraindik ere ematen den egoera ezagutzera ematea.

 

Indarkeria matxista zifratan

2015eko datuen argitan:

• Emakume gazteen aurkako indarkeria tasa globala 7,3ra iritsi zen gazterian (gainerako emakumeena bikoiztuz).

• 1000 emakume gaztek baino gehiagok egin dituzte salaketak indarkeria jasateagatik, kontuan izanda familia barruko indarkeria, askatasun sexualaren aurkako delituak eta bikote eta bikote ohiengandik datorren indarkeria. Azpimarratzekoa da azken indarkeria mota hau gailentzen dela salatzaileen artean, emakume gazte salatzaileen %73ak mota honetako indarkeria salatzen baitu.

Indarkeria honek ez ditu biktimak bakarrik mintzen, emakume gazte guztiongan eragina du, gure bizitzaren askatasunaren eta ongizatearen aurkako erasoak ere baitira. Honen froga da emakume gazteen %32,2ak (2012an) adierazten duela beldurra ematen diola kaletik gauez bakarrik ibiltzeak, gizonezkoen ehunekoaren laukoitza lortuz. Gainera, zifra honek gora egin du neurtzen hasi zenetik 2000an.

 

EGKren hobekuntzarako proposamenak

Egoera honen aurrean, EGK-k lehendabizi eskatzen du kasu bakoitzaren aurrean justizia egin dadila, beti ere ahalik eta erarik azkar, eraginkor eta indarkeria jasan dutenekiko ahalik eta begirunetsuenean.

Hala ere, indarkeriari aurre egitea ez da soilik kasu bakoitzari erantzun juridikoa ematea. Eragile guztiak indarkeriarekin harremana duten prebentzio mota guztietan inplikatzea eta egungo esfortzua hobetzea ere bada honi aurre egitea. Hau dela eta, gero eta pauso gehiago emate aldera, hauek dira EGKren proposamenak:

Alde batetik, Administrazioari:

• Harrera juridikoari dagokionez:

       - Tratu, neurrien ezarpen eta kontrolaren hobekuntza; hauek biktimaren ongizate integral bat bidera dezaten.

       - Legediaren aldaketaedo honen eraldaketaren eskaera: Genero Indarkeria kontzeptu juridikoa ez ditu indarkeria matxistaren biktima guztiak barne hartzen. EGKtik eskatzen da gizon batek burututako emakume batenganako (emakume izateagatik) edozein eraso barne hartzea.

       - Salaketaren estigmari eta prozesu honen baitan dauden kalteei (iraupena, zalantzan jarria izatearen esperientzia,...) erantzuna eman.

• Prebentzioari dagokionez:

       - Hezkuntzatik hasi. Hezkuntza sozializazio prozesu oso gisa ulertu eta, ikuspegi honekin bat doan hezkidetza bermatu:

              · Zeharkakoa izatea eta gizarte eragile guztiak barne hartzea.

              · Adin guztietan lantzea eta sakonki lantzea: gai desberdinak behar besteko arretaz jorratuz eta gaien arteko loturak erakutsiz (genero rolak, adimen emozionala, negoziazioak, maitasun erromantikoa,...).

              · Sentsibilizazio kanpainak eta bestelako inpaktu ekintzak burutzea.

       - Ikerketak eta datuak. Prebentzio neurrien diseinuaren hobekuntzari begira datu eta ikerketa eguneratuak ziurtatu.

       - Behatokien hobekuntza. Erabiltzen diren datuak era argian eta esplizituan azalduak izatea, eragile desberdinek egiten duten analisia errazte aldera.

• Arazoaren trataerari dagokionez:

       - Bereizketa faktore anitzen intersekzioaz eta honen inpaktuaz arduratu

Bestetik, gazteriari:

• Tolerantzia eta inplikazioa

       - Erasoen aurrekari diren jarrera matxistei frenoa bota

       - Erasoen testigu izatean, ez isildu, ekin eta luzatu laguntza biktimari

       - Biktima bazara, zure bizitza berreraiki dezakezu eta horretarako, izan ezazu argi, ez zaude bakarrik. Zurekin gaude.

• Indarkeria matxista eta honen sustrai diren beste indarkeria eta jarreren aurka ekin

       - Norbere burua eta ingurugiroa kritikoki aztertu eta eraldatu parekidea izateko

• Indarkeria Matxista edota honen ideologiarekin harremana duten indarkeriei aurre egin (Indarkeria LGTBI+fobikoa, maitasun erromantikoan oinarritutako bikoteen arteko indarkeria,...)

• Berrikasi, berrantolatu eta berdintze konpromisoa. Kontuan izan indarkeriaren sustrai estrukturala eta honen gainean ekin. Berdintasuna guztion artean lortuko dugun zerbait da eta!

Indarkeria matxista egitura eta ideologia patriarkalaren alderik ikusgarriena da; bitartean, iceberga izango balitz bezala, milaka eguneroko jarrera eta portaera daudelarik ere ezkutuan. Hauek emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren aurka egiteaz gain, beste hainbat harreman ere kutsatzen dituzte, topaketa eta elkar-aberaste harremanak izan beharko liratekeenak joko posesiboan eta norgehiagokan bilakatuz.

Pentsamolde eta ekite hauek ez dute baimentzen emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunean oinarritutako gizarte baten eraikuntza, non sinergia eta elkarbizitza ziurtatuak dauden.

Hau dela eta, gertatutakoaren salaketa honen bitartez Gazteriaren Kontseiluak gazterian ere ematen den matxismoa salatu eta emakume eta gizonezkoen berdintasuna ezinbesteko, oinarrizko eta zeharkako duen gazteriaren eraikuntzan konpromisoa berretsi du.