Bilboko Udalak BilbaoPark aplikazioa sortu du sakelako telefonotik TAO guneetan aparkamenduaren kudeaketa digitala egin ahal izateko. Gaurtik App hori Android bertsioan da eskuragarri eta IOS bertsioa bidean da. Gainera, webguneko bertsio bat egongo da edozein ordenadoretatik erabili ahal izateko. Parkimetroek dituzten funtzionaltasun guztiak izango ditu eta desaparkatzeko aukera emango du: erabili ez den denbora geroagoko aparkaldietan erabili ahal izango dute erabiltzaileek. Horrez gain, ordenantza berriaz ez da beharrezkoa ibilgailura itzultzea haren barruan tiketa jartzeko.
Alfonso Gil Bilboko Udaleko PSEko eledunak aurkeztu du aplikazio berria udaletxean egindako agerraldian. Adierazi du OTAk “dimentsio berria" hartuko duela aplikazio berriarekin. Hirian zehar 32 parkimetro berri jarriko dituztela iragarri du, azkenengo TAOko 2005ean egin ziren eta ordutik "Bilbo asko aldatu da". Ildo berean, TAOko teknikariek uriko parkimetro guztien interface-a eraberrituko dute. Lan hau egin bitartean, App-ak TAO gune guztietan aparkatzeko zerbitzua bermatuko du. Parkimetroak kontroleko gune berri batera lotuta geratuko dira. Horrela, Udalak sistema guztia gobernatu ahalko du maila operatiboan eta teknikoan. Gainera, parkimetro guztiek edukiko dute txartelaz ordaintzeko sistema, baita pantaila zabalagoa ere. Pantaila honek ikonografia modernoagoa eta ulertzeko erraza izango du. Parkimetro berriek, gainera, ukimen-pantaila eta QR kodearen irakurgailua edukiko dituzte, besteak beste, salaketak ezeztatzea errazteko. Horretarako, zehapenaren papereko kodea pantailan hori irakurtzeko dagoen puntuaren gainetik pasatu besterik ez da egin beharko.
Gilen aburuz sistema berria "intuitibo, azkarra eta erraza" izango da eta hobekuntzak egite aldera “behar beste aldiz” gaurkotuko dela jakinarazi du. Aplikazioaren bidez aparkatzeak ez du inolako kostu gehigarririk suposatuko baina informatu du etorkizunean Udalak aplikazioaren garapena beste enpresa batzuen esku uztea erabakitzen badu posible dela komisio bat kobratzen hastea.