Zeroa (0), batzuetan hutsa ere deitzen zaiona, edukirik gabekoa, agian, zenbaki garrantzitsuena ere bada. Bere uzkerian zerorik gabe ezin izango genuke zientziaren eraikina modu egokian osatu. Bitxia zeroarena. Edukirik gabe, beharrezkoa izatea… Baina horrela da. Zenbakiak asmatu ondoren, zenbaki positiboak alegia, 1, 2, 3, … eta berauekin batuketak eta kenketak egiten hasiz gero, laster jabetu ahal gara zeroa ere beharrezkoa dela. Erraza da: 1+1=2, eta 2-1=1. Zenbat da orduan 1-1? Eragiketa sinple horri erantzuna emateko zenbaki berezi baten beharra agerian geratzen da. Eta hor zeroa (0), erantzuna borobiltzeko: 1-1=0.
Zeroa edonon da, askotan beste zenbaki batzuk osatzen. Izan ere, gure zibilizazioa sistema dezimalean oinarrituta dagoenez, zeroak garrantzi berezia irabazten du. Zeroa berezko zenbakia izateaz gain, hamar, hamarrekoa, osatzeko ere beharrezkoa da, hamar (10) bat (1) eta zeroa (0) atxikituz osatzen baita. Baina zeroak esanahi anitz ditu. Bere eragina oso desberdina da bere kokapenaren arabera, alegia. Zeroa ezkerrean dagoenean ez du inolako indarrik, ezabatu ahal da: 01=1. Baina ezkerrean egonik arin puzten du zenbakien tamaina: 1, 10, 100, 1000,… Bada baita bost eta zero zenbakien arteko lotura estua, bost gehi bost hamar direlako, 5+5=10, zeroarekin bukatuz.
Baditugu zeroa ez ahazteko beste zenbait arrazoi. Txikitatik jabetzen gara ikasle batentzat azterketan zero ateratzea emaitza posibleen artean okerrena dela. Zeroa, beraz, arrakasta faltaren seinalea ere bada. Baina beste batzuetan bada, baita, festarako aitzakia. Adibidez, 2000. urtea hasi zeneko gabon zahar gau hura askok ez dugu ahaztuko. Munduko hiri guztietan jai berezia izan zen ordukoa. Eta zergatik? Zerorekin bukatzen zeneko urte baten hasiera zelako, eta kasu honetan berezia berezien artean, ez baitzen zero batekin bukatzen, hiru zerorekin baizik! Gau hartan mendez aldatu genuen! Eta ospakizun haietan parte hartzeko aukera izan genuenok ez dugu izango hurrengoan izaterik. Gaurko gazteak noski baietz. Baina 2000koan izandakoen artean, 2100ekoan berriz ere izango direnak ez dira ugariak izango. Batzuk agian bai. 90eko hamarkadaren bukaeran jaiotakoek ehun urteko adina gainditzen badute, izango dute agian 2100era iristeko aukera, XXII. mendera iritsiz. Ea zenbatek lortzen duten! Zer nolako inbidia…