Mende bateko etnografia lanaren ospakizuna

uriola.eus 2017ko eka. 8a, 12:33
Argazkia: Euskal Museoa - Ana Pertika

Bilboko Euskal Museoaren jatorria izan zen Euskal Museo Etnografikoak 100 urte bete ditu. Mendeurrena ospatzeko, ekainaren 11n Erdi Aroko musika, dantza eta jantziekin ikuskizuna prestatu dute.  

"Birsorkuntza" ekitaldiaren prestaketan jardun dira, besteak beste, Basurtuko Beti Jai Alai dantza-taldea eta Iñaki Irigoien ikerlaria. Batetik, Irigoienek Bizkaiko artxiboan egindako ikerketa baliatu dute, eta, bestetik, Francisco Vazquez de Mendietaren (1556-1620) Fernando Katolikoaren Bizkaiko Foru zina eta Ezkontza Begoñan olio historizistetan irudikatutako ikonografia.

Hortaz, igandean, hilak 11, Bilboko Euskal Museoa Erdi Arora itzuliko da une batez. Dantzaz eta jantzien erakustaldiaz arduratuko dira Beti Jai Alaiko kideak eta musikaz Iruñeko Ensemble de Chirimias Miguel de Arrazpide taldea. Antzinako musika-melodiak berreskuratzen aditua da taldea. 

Eguerdian ekitaldi instituzionalarekin hasiko dute ospakizuna, Museoko patronoen eskutik.

 

Mende bateko historia

1917ko maiatzaren 4an, gehiengo nazionalista zuen Bizkaiko lehen Diputazio Probintziala eratu zen, eta Ramon de la Sota y Aburto aukeratu zuten presidente. Maiatzaren 11n, aho batez onartu zen Euskal Museo Etnografikoa sortzea "Euskal Herriaren ezaugarriekin lotuta dauden eta haren izaera osatzen duten objektuak biltzeko asmoz". 

Horretarako batzordea eratu zen, honakoez osatua: Ramon de la Sota Diputazioko presidentea, Ramon Maria de Rotaeche eta Manuel de Eguileor diputatuak, eta "herrialdeari buruzko ikerketekiko zaletasuna duten" hamasei pertsona. Zehazki, hauek izendatu zituzten aurreneko lau urteetarako: Carmelo Echegaray, Teofilo Guiard, Manuel Losada, Pedro Guimon, Juan Carlos Gortazar, Gregorio Ibarra, Evaristo Bustinza, Javier Gortazar, Jose Maria Rotaeche, Pedro Mourlane Michelena, Juan Mugartegui, Ricardo Urrutia, Julio Urquijo, Miguel Loredo, Gabriel Manterola eta Guillermo Elgezabal. 

Museoaren ibilbidea 19917an hasi bazen ere, klaustroa 1919an bihurtu zen Museo Etnografikoaren eta Museo Arkeologikoaren egoitza, gaur egungo Bilboko Euskal Museoaren zutabe gisa. 

euskal-museoa.eus/eu/hasiera