“Ohartzen gara lau urtean egin duguna ikaragarria dela. Oso harro sentitzen gara eta aurrera egiteko indar handia ematen digu orain arte egindako ibilbideak”. Ibilbidearen balorazio sakona egin dute Angel Oiarbide eta Karmele Olabarrieta Gure Esku Dago (GED) dinamikaren bozeramaileek gaur goizean Bilboko Bizkaia Aretoan eginiko prentsaurrekoan. Euskal Herrian herritarrak “kultura politiko berri bat” sortzen ari direla eta GED “ekarpen esanguratsua” egiten ari dela azpimarratu du Angel Oiarbidek.
Larunbatean Bilbon deituriko mobilizazioaren azken xehetasunak ere eman dituzte. Eta, besteak beste, iragarri dute Jordi Cuixart Kataluniako Omniumeko presidenteak parte hartuko duela ekitaldian. Milaka herritarren artean osatuko den galdera ikur itxurako mosaiko erraldoiaren bidez mundura mezu bat zabaldu nahi dute: “Euskal Herrian ere, erabakitzeko prest gaude!”. Mobilizazioan parte hartzeko azken deia egin die herritarrei: “Etzi, Bilbon bilduko ditugu gaur arte sortutako borondate konpromiso eta ilusio guztiak”.
Bilbora deia
Euskal Herriko txoko ezberdinetan egindako galdeketek mahai gainean jarri dute “herri hau erabakitzeko prest dagoela”. Horregatik, hain zuzen ere, herritar moduan “gure bizitzan eragiten gaituzten esparru ezberdinen inguruko hausnarketa egiteko garaia heldu da”, Angel Oiarbideren hitzetan. Herritarron Ituna, “pluraltasuna eta berdintasuna oinarri”, euskal gizartearen nahiak bilduko dituen testua, dokumentua, liburua izango da. “Eragile zein norbanakoen ametsak, irrikak, utopiak egi bihurtzeko lehen pausua. Euskal gizarte osoaren nahiak oinarri, guztion artean etorkizunean herri ituna izango den testua sortzera goaz”.
Katalunia bezala, Euskal Herria erabakitzeko prest dagoela munduari erakustea du GEDk xede larunbatean. “Demokrazia herritarron nahiak errealitate bihurtzeko jaio zelako, Bilbon euskal herritarrok ozen esango dugu erabakitzeko prest gaudela”.
Aurrera begira
Eginiko ibilbidearen errepasoa egin ostean, aurrera begira ere jarri dira. Izan ere, Gure Esku Dago helburu batekin sortu zen: “Euskal Herrian herritarrok gure etorkizuna erabakitzea; 2019rako euskal herritarrak prest egotea erabakitzeko”. Hori da lantaldearen erronka nagusia. Eta helburu horretara iristeko martxan ditu jada beharrezko lan ildoak: “Herri galdeketak, larunbatean aurkeztuko dugun Herritarron Ituna eta mobilizazioak”. Oiarbideren esanetan, “pausoz pauso irudikatzen ari gara erabakirako bidea, eta helmugara iristeko baldintzak sortzen jarraituko dugu. Ezina ekinez egiten delako”.