Ibon Iparragirre presoaren etxeratzea aldarrikatuko dute igandean Bilbon

uriola.eus 2017ko eka. 9a, 10:55

Argazkia: Etxerat elkartea

Presoak alta jaso du eta Madrilgo Alcala-Meco kartzelan sartu dute berriz. 300 bat medikuk maiatzaren 17an ohartarazi zuten Eusko Legebiltzarrean, espetxean jarraituz gero, Ibon Iparragirreren bizitza “arriskuan” dagoela.

Iparragirrek hiesa du, C3 estadio fase aurreratuan dagoena. Egoera horrek infekzioen aurrean oso sentibera uzten du presoa. Haatik, senda-agira eman diote, eta Madrilgo Alcala-Meco espetxean sartu zuten atzo gauean. Sortuk alta ematea "bidegabekeria" dela kritikatu du eta Ibonen kasua kartzelaren barruan tratatzea ez dela "leku egokia" esan du, espetxeak infekzio foku handiak direlako. Erizaindegian izan dute Iparragirre denbora luzez, orain dela bi aste pneumoniarekin Gregorio Marañon erietxean ospitaleratu behar izan zuten arte. 

Iparragirreri buruzko txostena egin zuten medikuek euskal presoa "fase terminalean" dagoela baieztatu zuten. Ospitaleratu ondoren Ibonen arreba Naia Iparragirrek egindako agerraldian gogor salatu zuen haren egoera. Bere nebak zer duen jakiteko probarik egin nahi ez izatea salatu zuen eta kartzelan hiltzen ari dela ohartarazi zuen. Sortuk, Iparragirre Galdakaoko ospitalera hurbiltzeko eskatu du eta lehenbailen libre utzi behar dutela esan du, presoaren egoera ahalik eta modu egokienean bideratzeko. Horretarako, manifestaziora deitu du Kalera Kalera dinamikak igande eguerdirako. Bilboko Moiua plazatik abiatuko da 12:30ean Heriotza zigorrik ez. Ibon eta preso gaixoak kalera lelopean.

 

Erantzunik ez

EAJ, EH Bildu, ERC eta Compromis taldeek Espainiako Barne ministroaren urgentziazko agerraldia eskatu zuten Espainiako Kongresuan hainbat galdera argitze aldera. Iparragirreren bizi itxaropena bi hilabetekoa dela egiaztatzen duen auzi mediku edo espezialista baten txostenik baduen galdetu zioten Juan Ignacio Zoidori. Izan ere, berak esan zuen bizi itxaropena bi hilabete baino gutxiagokoa dutenean utziko dituela aske gaixotasun larriak dituzten presoak. Ministroak oraindik ez du erantzunik eman.

 

EAEko arartekoa, presoez

EAEko ararteko Manu Lezertuak 2016. urteko txostena aurkeztu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean. Gaitz larri edo sendaezinak dituzten presoei buruz esan du, espetxe araudian aurreikusita dauden neurriak horien alde ezartzea oso garrantzitsua dela. Euskal presoek zigorra jatorrizko tokietatik hurbil dauden espetxeetan betetzeko premia ere jaso dute. Hiru arrazoi aipatu ditu: gizarteratzen laguntzea, deserrotzea saihestea eta urruntzeak familiei gastu eta arriskuak desagerraraztea.