Bilboren erorketaren 80. urteurrena gogoratzeko bisita gidatuak egingo dituzte

uriola.eus 2017ko eka. 10a, 11:52

Bilbo Francoren tropen eskuetan erori zeneko 80 urte bete dira gaur. Uriaren hartzea nolakoa izan zen ezagutzera emateko, ibilaldiak antolatu dituzte Zabalgunean Gerra Zibileko Bilbo programaren baitan. Gainera, frankismoaren inpunitatea salatzeko Bilbon hiru oroimen deialdi zabaldu dituzte hurrengo astebururako. Datozen egunetan, Memoria Historikoarekin eta Gerra Zibilean Euskadin izandako gertakariekin zerikusia duten ekintzak aurrera eramango dituzte. Goizean, Udaleko zenbait ordezkari izan dira Moyua plazan egitasmoari harrera egiteko. 

Juan Mari Aburto alkateak, Nekane Alonso kulturako zinegotziaa eta udaleko zenbait zinegotzik, Gerra Zibilak eragindako Zabalguneko lekuetan zeharko bisita gidatuetako batean parte hartuko dute. Bisita hauek Bilbo Francoren tropen esku geratu zenetik 80 urte betetzen diren egunaren harira egiten ari dira, ekainaren 19an, hain zuzen. Gainera, Bilboko Udalak datozen egunetan Memoria Historikoarekin eta Gerra Zibilean Euskadin izandako gertakariekin zerikusia duten ekintzak ere egingo ditu. Bilbao Izan ondarearen zabalkunderako udal programaren barruan dauden ordu eta erdiko ibilaldiak, Ercilla kalean dagoen Agirre Lehendakariaren estatuatik abiatu dira. Bertatik hasita, gerraren eraginpeko leku eta eraikin azpimagarrien historia ezagutu dute bisitako parte-hartzaileek.

Alkateak esan duenez, orain dela 80 urteko Bilbora itzultzeko aukera aparta da, "gure uria gelditu eta bertan kolore beltza nagusitu zen garaiko Bilbora itzultzeko". Azpimarratu du Gerra Zibilak ordura arte izandako jardueran eragina izan zuen hainbat leku eta eraikin ikusteko ere parada dela. Aburtok azaldu duenez: “ondare historikoa zabaltzeko ekimenen bidez, memoria bizirik edukitzeko geure konpromisoa agertzen dugu, gizateriaren aurrean gerrekiko gure gaitzespena zabaltzen dugu, baita bakearen, elkar ulertzearen eta akordioak lortzearen balioa indartu ere. Gainera, bizia galdu zuten pertsona guztiei, ihes egin behar izan zuten guztiei eta Bilbo babestu zuten pertsona guztiei gure esker ona eta onarpena erakusten diegu; demokraziaren, askatasunaren, errekontziliazioaren eta memoriaren balioak indartzen ditugu; eta, azkenik, belaunaldi berrietan kontzientzia sorrarazteaz gain, Bilboren nortasun berezia ondorengoetaratzen dugu”.

Bisitak euskaraz ostiral arratsaldetan izango dira norbanakoentzat. Euskarazko taldeen kasuan, taldearekin berarekin adostuko dira eguna eta ordua, eskariaren arabera. Gaztelaniaz, ordea, astearteetan eta asteazkenetan, 16:00etan eta 18:00etan; ostegun eta ostiraletan, 10:00etan eta 17:00etan eta larunbatetan, 10:00etan eta 12:00etan egingo dira. Ibilaldia Moyuako Ertzilla kaleko 24 zenbakitik irtengo dira.

Informazio gehiago: www.bilbaokultura.eus/udal-kultur-jarduerak/bilbao-izan/

 

Hiru oroimen ekitaldi

Frankismoaren inpunitatea salatzeko eta bakearen eta demokraziaren alde egin zutenei oroimena egiteko Bilbon hiru deialdi zabaldu dituzte hurrengo astebururako: ostiralean, Atxuriko Santos Juanes plazatxoan; larunbatean, eliptika plazatik udaletxeraino; eta igandean, Artxandako La Huella monumentuan.

 

Historia

1937ko ekainaren 19an, 1936ko uztailaren 18 kolpe militarraren ostean, hasi zen Gerra Zibila. Bilbo Bigarren Errepublikaren alde jarraitu zuen leial eta Euzko Jaurlaritzaren behin-behineko egoitza bertan kokatu zen. Altxatutako armadaren alde ari ziren abioi alemaniar eta italiarrek Bilbo bonbardatzen jardun zuten egun haietan. Burdinezko Hesia eraiki zuten uria defendatzeko, baina Francoren tropak urian sartu ziren 1937ko ekainaren 19an. Hilabete haietan bonbardaketak, eskasia eta bizirik irauteko borroka ziren nagusi eta uriko eraikin asko ospitale, presondegi, jaurlaritzaren sailen egoitza, kuartel, ihesean etorritako jendearentzako ostatu, umezurtz-etxe edo aterpe bihurtu ziren.