Gure Esku Dagok Erabakitzeko Prest lelopean deitutako mobilizazioan milaka lagunek hartu zuten parte larunbatean Bilboko Eliptika eta Euskadi plazen artean egindako galdera ikur itxurako mosaiko erraldoian. Ainhoa Vitoriak eta Julen Telleriak Euskadi plazatik eta Galder Perez Moyua plazatik girotu zuten ekitaldia. Bi plazetan ipini zituzten pantaila erraldoietatik ere jarraitu ahal izan zuten bertaratutakoek bi biribilguneetan eta horiek lotzen zuen Elkano kalean zegoen giroa. Aurkezleek dinamizatuta, hiru giza-olatu erraldoi egin zituzten Eliptika plazatik Euskadi plazara. Halaber, ekitaldian parte hartutako zenbait partaidek hitza hartu zuten herri ekimenari babesa eman eta parte hartzaile guztiei eskerrak emateko. 17:30etan abiatu zen hautetsontzi erraldoia, galdera ikurraren puntutik Euskadi plazara Nafarroako kideen eskutik, beraiek baitira hurrengo igandean, ekainaren 18an, galdeketen lekukoa hartuko dutenak. Ordu erdi inguruan iritsi zen hautetsontzia Euskadi Plazara, eta, oholtzan ipintzearekin batera, ekitaldiari hasiera eman zioten Ainhoa Vitoria eta Julen Telleria aurkezleek.
Jordi Cuixart Kataluniako Omnium Culturaleko zuzendaria izan zen lehena hitza hartzen. "Hau ez da banderen kontua, guztion artean gizarte justuago bat eraikitzea baizik". Babesa eta elkartasuna adierazi zien euskal herritarrei: "Ziur gaude euskaldunek ere posible izango duzuela erabakitzea. Ez etsi, hautetsontzien ordua da. "Gure Esku Dagoren bozeramaile Angel Oiarbide eta Zelai Nikolasi eman zioten hitza aurkezleek. Gogora ekarri zuten Gure Esku Dago helburu batekin sortu zela: "Euskal Herrian herritarrok gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzea". Erabakitzeko baldintza egokiak sortzeko, korapiloak askatu eta adostasun zabalak lortu beharko direla gehitu zuten. Herritarron Ituna tresna eraginkorra izango dela nabarmendu zuten eta bi konpromiso zehatz jendarteratu zituzten. Lehenengoa, erabakitze prozesuak behar dituen baldintzak sortzeko eta garatzeko ardura eta, eragileekin eta erakundeekin parte hartu eta ekarpenak egiteko konpromisoa, etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki arte. Bigarrena, etorkizun politikoari buruzko eztabaida publiko, plural eta gardenaren bidez gizartearen parte hartzea sustatu eta prozesuan parte hartzeko konpromisoa. Erabakitzeko eskubidea egikaritzeko, tresna eraginkorrak antolatu eta herritarron esku jarri behar dira, azken batean, herritarrok gure estatus politikoari buruz zuzenean erabaki nahi dugulako, ezein aukerari uko egin gabe. Ekitaldiaren amaieran Lorea Agirrek Herritarron Itunaren esentzia jasotzen eta laburbiltzen duen poesia irakurri zuen Eneritz Albizu Azpeitiako Gure Esku Dagoko kideak. Ondoren, eta mobilizazioari itxiera emateko, Euskadi plazan bildutako milaka herritarrek Gure Esku Dagoren kantua abestu zuten aurkezleen laguntzarekin batera.