Bilboko itsasadarrean gora

Xabi Paya/Betsolari.eus 2017ko eka. 11a, 11:14

Argazkia: www.bertsolari.eus

Bertso ibilbideen lehenbiziko alea ezin zitekeen edonon izan. Izango da ekimenaren berri eman eta Gipuzkoako herri txikiren batean pentsatuko duenik; baten bati burutik pasatuko zaio Xalbadorrek Urepeletik edozein saiotara iristeko sarritan egingo zuen bide luzea; eta norbaitek pentsatuko du Gasteizko Aiotz plazatik Aiztogile kalera badagoela zer kontatua.

Bilbok badu paradoxa handi bat bertsoekin: ez dago Bilboko bertso-eskolarik, ez bere burua bilbotar bozgora izendatzen duen bertsolari saldorik, baina hiriburuaren lurretan bat-bateko kantu errimatuarekin lotutako pasadizo eta gertakari ugari aurki daitezke. 

Ibilbide honetan ez dira sartu Bilbon bertsolaritzarekin zerikusia duten leku guztiak; falta dira Vistalegre zezen-plaza edo Bilboko Kafe Antzokia, eta horiek gabe nekez kontatu daiteke hiriaren bertso-historia. Ibilbidean 13 geldialdi bildu ditut, egungo Bilbo gustagarri eta modernoenetik abiatuta bertsolaritza bazter guztietan topa daitekeela frogatzeko asmoz.

 

1. GELDIALDIA

Bilboko autobus geltokia

Zergatik dago Bilbo dagoen tokian? Bizkaiko Golkoaren edertasunaz jabeturik, zertan ez kokatu itsasertzaz gozatzeko moduko lekuren batean? Diotenez, halakorik ez egiteko motiboa sinplea omen da: itsasertza ikusten duena itsasertzetik ikusia ere bada. Eta urruneko itsasoetatik zer etor litekeen jakin ezinik, hobe Ibaizabal itsasadarrean gora egitea. 

Ados, goazen gora… baina, noraino? Galdera horrek ere erantzun erraz samarra dauka, gizakiak ez baitu ur gazirik edaten. Beraz, segi uraren korrontearen aurka, harik eta edalontzia uretan sartzeko aukera izan arte. Eta zein da leku hori? Ireki Interneteko bilatzailea eta jarri “Athletic armarria”. Futbol taldearen irudiaren goiko aldean azaltzen den elizaren pareko zubia eta ura bilbotarren kokapen zaharrenetakoaren berri emango digute.  

Ezbairik gabe, errekak erabaki zuen Bilbo non jarri. Edateko ura, nekazaritza eta abeltzaintzarako ingurune hezea, errekaren bestaldekoengandik babesteko ahalmena, itsasoratzeko autopista… urrezko abantaila zen oro. 

Bilbo zahar hari gerora gertatutakoak ederki jaso zituen Xabier Amurizak 1982an, Laurehun herri, mila bertso berri argitalpenean. Liburu hori izanik bertsobideen aitzindari nagusia, nola ez eman lehen pausoa hari omen eginez? Amurizak hainbat bertso-sorta eskaini zizkion Bilbori liburuan, eta haietako baten lehen zortzi bertsoek gogoratuko digute nola Bizkaiko hiriburuaren historiaren bilakaera.

 

[ERREPORTAJEA OSORIK]